Ondarroako Plaza Gain jantokia ez zabaltzea erabaki dute
37 urtean hutsik egin barik Ondarroako jaietan presente egon bada ere, antolatzaileek aurten ez zabaltzea erabaki dute, COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera dela eta.
COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoeraren aurrean Ondarroako Plaza Gain jantokia antolatzen duten herritarrek aurten jantokia ez zabaltzea erabaki dute. “Batzarrak egin eta aukera desberdinak aztertu ditugu, baina herriari egin geniokeen ekarpenik onena aurten Plaza Gain ez ipintzea dela erabaki dugu. Jantokia ez ipintzeak ekarriko digun diru galera, eta eduki genezakeen jairako gogoaren gainetik, osasuna garrantzitsuagoa dela iruditzen zaigu. Ezker Abertzalearentzako, herritarrak, pertsonak direlako garrantzitsuena”.
Jantokian lanean ibiltzen diren boluntarioek azpimarratu dutenez, penaz hartu behar izan duten erabaki “zail” bat izan da; izan ere, 37 urtean hutsik egin barik Ondarroako jaietan presente egon da Plaza Gain. Baina bizi dugun egoeraren aurrean, “arduraz eta erantzukizunen hartutako” erabakia izan dela esan dute. “Datorren urtean indar eta gogo handiagoagaz ospatuko ditugu jaiak”.