Astelehenean zabalduko dute Ondarroako Zaldupe udal kiroldegia
Igerilekuak eta muskulazio gela zabalduko dituzte. Aurretiaz ordua hartu beharko dute erabiltzaileek.
Higiene eta segurtasun neurriak hartuta, Ondarroako Zaldupe udal kiroldegiak ateak zabalduko ditu berriz, astelehenetik [ekainak 22] aurrera. Hasiera batean, igerilekuak eta muskulazio gela zabalduko dituzte, eta aldagelak ere zabalik egongo dira igerilekuko erabiltzaileentzat.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, igerilekuak zein muskulazio gela erabiltzeko hitzorduak hartu beharko dituzte erabiltzaileek aurretiaz. “Hitzorduekin antolatzearen arrazoiak bi dira: alde batetik, garbitasuna eta higienea ahalik eta hobekien mantentzea, txanda artean erabilitako makinak garbitzeko eta desinfektatzeko, eta bestetik, ahalik eta erabiltzaile gehienek instalakuntzak erabiltzeko aukera edukitzea”, azaldu dute.
Ezaugarri jakin batzuk dituzten erabiltzaileekĀ lehentasuna edukiko dute ordu tarte batzuetan
Higiene eta segurtasun neurriei dagokionez, kiroldegian eskuak garbitzeko hainbat puntu egongo direla azaldu du udalak, gel hidroalkoholikoagaz. Horrez gain, kiroldegiko sarreran zapatak garbitzeko alfonbratxo bat ere egongo da eta erabiltzaile guztiei tenperatura hartuko zaie harreran, kiroldegira sartzerakoan.
Bihartik [ekainak 18] aurrera egin ahal izango dira erreserbak, eta erreserba egiterakoan abonatu zenbakia eman beharko da. Zenbait ordu tartetan, gainera, ezaugarri jakin batzuk dituzten erabiltzaileekĀ lehentasuna edukiko dutela azaldu dute: 70 urte edo gehiagokoek, familiek, errehabilitazio ariketak egin behar dituztenek edo aniztasun funtzionala daukatenek esaterako. “Lehentasuna batzuk edukitzeak ez du esan nahi ordu horretan espazio hori libre badago erabili ezin denik”, argitu dute. Gainera, lehentasunen bat dutenek, bezperan egin beharko dute erreserba, “bestela, hurrengo egunean leku hori erabiltzaile guztientzat egongo da eskuragarri”. Erreserbak egiteko kiroldegira deitu behar da: 94 613 42 09 telefono zenbakira.
Zaldupe udal kiroldegia itxita egon den denboran zerbitzua jaso ezin izan duten abonatuei zati proportzionala bueltatuko zaie
Igerilekuak astelehenetik barikura 07:30etik 12:30era egongo dira zabalik, eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara. Astelehenetik eguenera arratsaldez ere zabalduko dira, 17:00etatik 20:00etara. Zehaztu dutenez, ordu erdiko saioak izango dira erabiltzaileko, baina astelehenetik eguenera, 19:00etatik 20:00etara, ordubeteko txandak egongo dira.
Muskulazio gela lehen solairura lekualdatu dute, eta astelehenetik barikura 08:30etik 12:30era egongo da zabalik, eta zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara. Astelehenetik eguenera arratsaldez ere zabalduko dute, 16:30etik 19:30era. “Gela handiagoa da eta erabiltzaile gehiago hartzeko aukera ematen du. Asmoa da etorkizunean ere hor jarraitzea gimnasioak, geroz eta erabiltzaile gehiago baititu”. Goizetan ordu eta laurdeneko (75min.) saioak egin ahalko dira muskulazio gelan, eta arratsaldez, ordu eta erdikoak (90min).
Bestalde, Zaldupe udal kiroldegia itxita egon den denboran zerbitzua jaso ezin izan duten abonatuei, 2020 urtea amaitu baino lehen, zati proportzionala bueltatuko zaiela jakitera eman dute.