Euskara ikasleak diruz laguntzeko deialdia zabaldu du Lekeitioko Udalak
Uztailaren 1etik 17ra egin ahal dira eskaerak udaletxean. Diru laguntzak eskatzeko Lekeitioko udalerrian erroldatuta egon behar da gutxienez ikastaroak dirauen bitartean.
2019-2020 ikasturtean (2019ko urritik 2020ko ekainera bitartean) Habek homologatutako euskaltegietan euskalduntzeko edo euskaraz alfabetatzeko ikastaroak egin dituzten ikasleak lagunduko ditu Lekeitioko Udalak. Euskalduntze 1. maila egiten duten ikasleen matrikularen %100 diruz lagunduko dute, euskalduntze 2. mailan edo alfabetatzean diharduten ikasleek matrikularen %75 jasoko dute ikasturtea amaitu eta gero, eta euskalduntze 3.maila eta 4. maila egiten dituztenei matrikularen %50 ordainduko diete ikastaroa amaitutakoan.
Diru laguntzak eskatzeko epea uztailaren 1etik 17ra izango da, eta Lekeitioko udaletxeko erregistro orokorrean eskura daitezkeen inprimakiez gain beste agiri batzuk gaineratu beharko dira eskaera egiterakoan: NAN agiria, errolda, matrikularen ordainketaren ziurtagiria, ikastaroa egin den euskaltegiak emandako egiaztagiria eta diru-sarrera egin nahi den bankuko libretaren lehen orrialdearen fotokopia. Epe horretatik kanpo aurkeztutako eskaerak baztertu egingo direla azpimarratu dute.
Diru laguntzak eskatzeko Lekeitioko udalerrian erroldatuta egon behar da gutxienez ikastaroak dirauen bitartean, eta egindako ikastaroaren gutxieneko aprobetxamendua %80koa izan behar da.