Berdintasunerako IV. plana abiarazi du Lekeitioko Udalak
Herritarren iritzia jasotzeko galdetegi bat zabaldu dute. Ekainaren 26ra arte erantzun daiteke.
Lekeitioko Udala IV. Berdintasun Plana egiten hasi da, eta horretarako, herritarren iritzia jaso nahi dute. Laugarren plana egiteko III. planaren ebaluazioa egingo dute gaur egungo diagnostikoa jasota. Horretarako informazioa batzen hasi dira galdetegien bidez, eta talde dinamikak egingo dituzte aurreko plana ebaluatu eta datorren planera begira hobetzeko proposamenak gehitzeko. “Oraindik emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan handia dago egiteke: lan baldintzak, genero indarkeria, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, genero rol eta estereotipo tradizionalak, eta abar. Egoera hau hobetzeko, guztion inplikazioa beharrezkoa da, bai gizonena, bai emakumeena”, adierazi dute.
Hiru galdetegi ezberdin zabaldu dituzte: herritarrei zuzendutakoa, elkarteei zuzendutakoa eta udal langileei zuzendutakoa. “Berdintasun arloan zeri ematen dioten lehentasuna, ea hirugarren berdintasun plana ezagutzen duten, eta Berdintasun arloak bideratutako zeintzuk ekintzetan parte hartu duten jakin nahi dugu”, azaldu du Lekeitioko Udaleko Berdintasun teknikariak.
Metodologia parte hartzailea izan behar dela zehaztu du: “herritarren iritzia emateko beste gune bat da”. Herritarrei zuzenduta dagoen galdetegia erantzuteko ondorengo loturan klikatu behar da: Galdetegia. Ekainaren 26ra arte osatu daiteke.
“Galdetegi guztiak jasotakoan datuak aztertu eta talde dinamiken bidez eta banakako elkarrizketen bidez jasoko dugun informazioa batu, elkartu eta ondorioak aterako ditugu”. Eta, ondorengo pausoa, IV. plana bera sortzea izango da.