Jon Fernandezek ‘Pentsioen geroa’ liburua aurkeztuko du eguenean, Martin Ugalde foroan
Andoaingo aurkezpena Internet bidez ere jarraitu ahalko da. Kazetari ondarrutarrak Ondarroan eta Bilbon ere egingo ditu aurkezpenak. Bilbon uztailaren 1ean aurkeztuko du, eta Ondarroan uztailaren 2an, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
Pentsio sistema publikoaren erronkak aztertu ditu Jon Fernandez ondarrutarrak Pentsioen geroa liburuan. Ekainaren 25ean argitaratuko da liburua, baina hilaren 24ra arte liburuaren 1. atala doan deskargatu ahal da Internet bidez. BERRIAk, Elkarrek eta Jakin fundazioak abiatutako Aleka bilduman argitaratuko da liburua.
Aurkezpena, eguenean. Ekainaren 25ean, jendaurrean aurkeztuko da lan hori, Martin Ugalde foroan, 19:00etan. Berrogei lagunentzako lekua egongo da, eta, entzule gisa etortzeko, aldez aurretik izena eman behar da, martinugalde@kulturparkea.eus helbidera idatzita. Horrez gain, eta beti bezala, aurkezpena zuzenean ikusteko aukera ere egongo da Berriaren webgunean.
Dena dela, egueneko aurkezpenaz gain, beste bi aurkezpen ere egingo ditu Fernandezek; Bilbon eta Ondarroan. Bilbokoa uztailaren 1ean izango da, Bolunta aretoan, 17:30ean; eta Ondarroakoa, uztailaren 2an, Kofradia Zaharrean (19:00).
Jon Fernandez (Ondarroa, Bizkaia, 1986) kazetaria da BERRIA egunkarian 2011az geroztik, nagusiki Ekonomia sailean aritu da. 2010etik 2015era kolaboratzaile aritu zen La Vanguardia egunkariko ES-Estilos de Vida astekarian. Lehenago, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-n jardun zuen.