Santixa jaiak berrantolatzen ari dira Etxebarrian
Ekitaldi herrikoiak antolatzea dute asmoa, eta lanean ari da jai batzordea.
COVID-19aren eraginez, aurten ez dira Etxebarriko Santixa jaiak ohi diren modura ospatuko. Hala ere, ekintza kultural batzuk egitea badute asmoa, betiere beharrezko neurriak hartuta.
Ekimenak zehazten ari da oraindik jaietako batzordea, baina ekitaldi herrikoiak antolatzea dute asmoa. “Lotuta genituen gauza batzuk aurrera joango dira, beste batzuk, ordea, ez, eta gure apustua ekimena hurrekoa eta herrikoia izatea izango da”, azaldu du Jesus Iriondo alkateak.
Jaiak hiru egunetara mugatzea aurreikusten dute; pilota partidarik ez da egongo ez eta danborradarik ere. Ostera, txupinazoagaz gainera, umeentzako eta nagusientzako ekimenak antolatuko dira besteak beste. “Domekan omenaldia egingo zaie 80 urte egin dituzten jubilatuei eta ikuskizunen bat ere egongo da”.
Normaltasun berriagaz murrizketak gutxitu egiten badira ere segurtasun distantziak aforoa mugatzen duela azaldu du alkateak, eta hori buruhaustea izaten ari da antolaketarako. “Distantzia mantendu egin behar da, eta horrek jende kopurua mugatzen du”. Esate baterako frontoian 300 lagunentzako lekua dagoela argitu du, baina elkarren ondoan egonda. “Segurtasun distantziagaz 200 lagunentzako lekua egongo litzateke, eta hori guztiori eduki behar dugu kontuan”. Dena dela, pilaketak saihestu behar direla esan du, eta hori “guztion lana” izango dela azpimarratu du.