Ibarzabalek eta Barinagarrementeriak irabazi dute Uhagonek antolatutako Idazlan Laburren Lehiaketa
75 euroko txartela eta oparia eraman dituzte irabazleek. Parte hartzea ere saritu dute antolatzaileek.
Maiatzean antolatutako Idazlan Laburren Lehiaketako sariak banatu ditu Uhagon kultur elkarteak. Adinaren arabera, lehiaketa hiru mailatan banatuta egon da: 8-11 urte, 12-16 urte eta 16 urtetik gora. 8-11 urte bitartekoen artean Malen Ibarzabal Gerrikagoitia izan da irabazlea eta 16 urtetik gorakoetan Udane Barinagarrementeria Laka. 12-16 urte bitarteko kategoria hutsik geratu da.
Irabazleek, Markina-Xemeinen itxita egon diren merkatari edota ostalaritza establezimenduetan gastatzeko 75 euroko txartela irabazi dute. Horrez gain, opari bat ere eman diete antolatzaileek: Ibarzabali, Iñigo Astizek idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratutako Joemak eta polasak jolasteko poema liburua, eta Barinagarrementeriari, Amets Arzallusek Afrikatik Europarako bidea egin zuen Ibrahima Balde gaztearen istorioa kontatzen duen Miñan liburua.
Irabazle biak ez dira liburua jaso duten bakarrak izan. Parte hartzea saritu nahi izan du Uhagon kulturguneak, eta parte hartzera animatu diren guztiei oparia ematea erabaki dute; gaztetxoei Joemak eta polasak eta nagusiei Miñan. “12-16 urte bitarteko kategoriarako ere aurreikusita genuen saria, baina hutsik geratu da, eta horretara zuzenduta zegoen diruagaz liburu bat eman diegu parte hartzaile guztiei”, azaldu dute antolatzaileek.
Parte hartzaileek COVID-19ak eragindako egoera zelan bizi duten azaldu behar zuten idazlanean, eta parte hartzaile guztiak emakumeak izan direla aitatu dute antolatzaileek.