Julen Atxurra 'Pototo' lekeitiarra Aranjuezko espetxean dago
Astelehenetik [ekainak 22] dago Aranjuezen, isolatuta. Atzo jakin zuten senideek jada Madrilen zegoela.
Senideek atzo [ekainak 23] arratsaldean jakin zutenez, Aranjuezko (Madril, Espainia) espetxera ailegatu da Julen Atxurra Egurrola Pototo preso lekeitiarra. Joan den eguenean [ekainak 18] eraman zuten Puerto I (Cadiz, Espainia) kartzelatik, eta herenegun ailegatu zen Madrilgo Aranjuezko espetxera.
Atzo deitu zion Pototok Manu Zarragoitia koinatuari , eta azaldu zionez, astelehenetik [ekainak 22] dago Aranjuezen, isolatuta. Lekualdatzeari dagokionez, “bidaia nekagarria eta iraingarria” egin zuela esan zion.
Isuria. Julen Atxurra Egurrola 1996ko uztailean espetxeratu zuten, beraz, 24 urte beteko ditu laster espetxean; urte guzti hauek 1.graduan, hau da, gogorrenean eta murriztaileenean eta joan-etorrian 2.040 kilometrora dagoen espetxe batean sartuta.
Lekeitiarrak garuneko isuria jasan zuen pasa den maiatzaren 13an, eta eta Puerto Realeko unibertsitate ospitalean egon ondoren maiatzaren 21ean, berriro kartzelara eraman zuten.
Pototo Cadizko Puerto I-etik Madrilgo Aranjuezko espetxera hurreratuko dutela iragarri zuen Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak ekainaren 10ean, eta espetxetik lekualdatu dute orain.