Maskara berrerabilgarriak banatuko ditu Etxebarriko Udalak
Aste honetan eta hurrengoan egingo dute banaketa etxez etxe. Babes gaitasun ziurtagiria izango dute maskarek eta berrerabilgarriak izango dira hondakin gutxiago sortzeko.
Normaltasun berrian metro eta erdiko segurtasun tartea mantentzea ezinezkoa den leku itxi eta publikoetan maskara erabiltzea ezinbestekoa izango zela ikusirik, Etxebarriko EH Bilduk herritar bakoitzari maskara berrerabilgarri bana banatzeko idatzizko eskaera egin zuen udalean maiatzaren 27an. Aste batzuk geroago udaleko taldeak akordu batera iritsi dira eta horrela, udalak 800 maskara erosi eta banatuko ditu herritarren artean.
“Babes gaitasun ziurtagiria izango dute maskarek eta berrerabilgarriak izango dira hondakin gutxiago sortzeko”, azaldu dute.
Aste honen amaieran eta hurrengoan egingo dute banaketa etxez etxe. Postontzietan utziko dituzte maskarak, gutunazal batean. Etxe bakoitzean dauden bizilagunentzako bana utziko dute, eta maskarak noiz eta zelan ibili adierazten duen azalpen bat ere aurkituko dute bertan herritarrek. Udal taldeek espero dute ekintza honegaz herritarrak maskaren erabilerak duen garrantziaz kontzientziatzea.