Kuadrillen arteko bola joko txapelketa jokatuko da Markina-Xemeinen
Karmen Eguneko Txapelketa antolatzea erabaki du Markina-Xemeingo Hiru Txirlo (MX3T) Bola Joko Kirol Klubak. Kuadrillak gutxienez hiru lagunekoak izango dira, eta gehienez bostekoak.
COVID-19a dela eta, 31. Bizkaiko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa bertan behera geratu bada ere, txapelketaren barruan uztailaren 16rako iragarrita zegoen Karmen Eguneko Txapelketa antolatzea erabaki du Markina-Xemeingo Hiru Txirlo (MX3T) Bola Joko Kirol Klubak. Guztira hamar botaldi izaten ditu Bizkaiko Txapelketak, eta momentuz Markina-Xemeingo Uhagonekoa izango da jokatuko den bakarra.
Karmen Eguneko hirugarren txapelketa izango da, aurtengoa, baina, berezia. Bizkaiko Txapelketarik jokatuko ez denez, beste ikutu bat eman nahi izan diote, eta banakoa barik kuadrilla edo taldeen artekoa izango da.
Hirutik bostera. Antolatzaileek azaldu dutenez, talde edo kuadrillak gutxienez hiru lagunekoak izango dira, eta gehienez bost bolari egon ahalko dira. «Ahal bada kuadrillak mistoak izatea nahiko genuke; hori gomendatzen dugu», azpimarratu du Mikel Urkia Zuloaga MX3T-ko taldekideak eta Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen lehendakariak.
Kuadrillako txapelketa izanik taldeko bolari guztien txirloak batuko dira. Bolari bakoitzak hiru botaldi egingo ditu, eta txirlo kopuru gehien jotzen dituen taldea izango da garailea. Gero, talde horretako partaideek, hiru bola botako dituzte, euren artean lehen, bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko.
16:30etatik aurrera eman ahalko dute izena kuadrillek. «Taldeko denen izenak eta kuadrillaren izena». Partaide bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko.
Urkiak azaldu duenez, MX3T elkartearen helburua bola jokoa suspertu eta zaletasuna sortzea da, eta nahi duen guztia animatzen dute taldea osatu eta parte hartzera. «Jendeak ikasi eta parte hartzea nahi dugu». Ez da adin mugarik egongo.