Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak mitina emango du Lekeition
Eskualde mailako lehen mitina zapatuan emango dute, 13:00etan, Independentzia Plazan. Iriarte kanpainako hamar konpromisoei buruz ariko da Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuagaz batera.
Hemendik ordu batzuetara hasiko da ofizialki Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, eta COVID-19ak baldintzatuta, aspaldi bateko ezohikoena izango da. Uztailaren 12ra begira, alderdiak hasi dira herriz herri geldialdiak egiten. EH Bilduk, esate baterako, Lea-Artibai eskualde mailako lehen ekitaldi nagusia Lekeition egingo duela iragarri du. Zapatuan [ekainak 27], 13:00etan, mitina emango dute Indepedentzia Plazan, Egiteko prest kanpainaren lelopean.
Bertan izango da Maddalen Iriarte OkiƱena EH Bilduren lehendakarigaia, eta beragaz batera, Jasone Agirre Garitaonandia Bizkaiko zerrendaburua ere ariko da solasean. “Programan jasotako konpromisoei buruz luze ariko dira”. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, osasun neurri guztiak bermatuko dituzte. Bertaratzen direnek eserita jarraitu beharko dute mitina. Antolakuntzak, besteak beste, aulkiak ipiniko dituzteela esan du, dagozkien segurtasun distantziak zainduz.
Baina mitina ez da eguneko ekimen bakarra izango. Kanpainagaz lotutako erakusketa ere ikusgai egongo da plazan, 12:00etatik aurrera. “Programako hamar konpromiso nagusiak jasotzen dituzten mezuak eskegiko ditugu plazan. Bertaratzen direnek mezuak lasai-lasai irakurtzeko aukera edukiko dute”.