Zinegoak jaialdiko film laburrak ikusi ahalko dira Markina-Xemeinen
Esperantza aretoan egingo dira proiekzioak, domekan [ekainak 28], 18:30ean hasita. Lekuak mugatuta egongo direla esan dute, eta sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, Uhagon kulturgunean.
Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak antolatuta, 17. zinegoak Bilboko gaylesbitrans naziorteko zinema eta arte eszenikoen jaialdian proiektatutako film laburrak ikusteko aukera egongo da domekan, 18:30ean hasita, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan.
Sarrerak 4 euro balio ditu, eta aldez aurretik erosi behar dira, Uhagonen (94-616 63 03 edo 640 29 09 64). Lekuak mugatuta egongo direla ohartarazi dute.
Proiektatuko dituzten film laburren artean dago Arantza Ibarra zuzendari ondarrutarrak zuzendutako eta Ekai Lersundi ondarrutarrari buruzko Mi pequeño gran samurai film laburra. Lan horrek, gainera, Publikoaren Film Labur Onenaren Saria eskuratu zuen jaialdian; 8,6 puntuko balorazioa lortu zuenjaialdia ikustera joan ziren ikusleen artean.
Horrez gain, ondoko beste ikus-entzunezkoak ikusteko aukera ere egongo da: Cocodrilo, ADlib, Jess, Rani, XY eta La mariachi.
- Mi pequeño gran samurai. Arantza Ibarrak zuzendutako ikus-entzunezkoak Ekai Lersundi gazte transexual ondarrutarraren historia kontatzen du. Iraupena: 21 minutu.
- Cocodrilo. Jorge Yudiceren lanak Youtubeko kanal bat ikustea gustatzen zaion Alicen istorioa kontatzen du. Egun batean, kanal hori egiten duenak zuzeneko bat egiten du, eta ikusleei galderak egiteko aukera ematen die, eta Alicek zerbait galdetuko dio. Iraupena: 4 minutu.
- ADlib. Dantzaren eta musikaren bitartez maitasuna deskubritzen duten bi pertsonen gorabeherak kontatzen ditu. Zuzendariak: Leire Acha, Sara Nikte Berrozpe, Eurie Cierbide, Beñat Etxaburu, Arantzazu Martinez, Cristina Vaquero eta Irene Velasco. Iraupena: 7 minutu.
- Jess. Agnes Kolemanek zuzendutako lanak Costa Rican nortasun agirian bere genero identitatea azaltzea lortu zuen lehendabiziko gizonezko etorkin transexualaren bizipenak kontatzen ditu. Iraupena: 10 minutu.
- Rani. Hammad Rizviren filmak haur jaioberri abandonatu bat zaindu behar duen emakume transgenero marjinatu baten historia kontatzen du. Iraupena: 14 minutu.
- La mariachi. Adan Ruizek zuzendutako lanak AEBetako muga pasatzeko ahaleginetan ari zela pertsona trafikatzaile bat zelakoan espetxeratu zuten pertsonaiaren (Nancy) bizipenak ditu ardatz. Kartzelatik irtenda, mariatxiak kantatzen aritzen da familia mantentzeko. Iraupena: 21 minutu.
- XY. Anna Karin Larusdottirren lanak beti ezberdin sentitu izan den eta inon kokatuta sentitzen ez den 15 urteko pertsona baten kontakizuna du oinarri. Momentu batean, bere historia klinikoan eta bere gorputzean zerbait deskubritzen du. Iraupena: 15 minutu.