Arraun denboraldia aurkeztu dute
Eusko Label Ligaren eta Euskotren Liga 2020ko denboraldiaren hasierako ekitaldia egin dute gaur goizean. Arraun klubetako ordezkariak Donostiako Aquariumeko Auditorioan bildu dira, Kantauri eta Atlantikoko urak arraunez beteko dituen denboraldi berri honi ongietorria emateko.
Urtero legez, aurtengo denboraldia aurkezteagaz batera, aurreko denboraldiko txapeldunek euren sariak jaso dituzte. Jon Salsamendik, Orioko Arraun Elkartearen izenean, Donostialdeko Caixabanken Negozio Arloko zuzendari Itziar Egañaren eskutik jaso du CaixaBank Koroaren erreplika. Bestalde, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Euskotren Trofeoaren erreplika eman dio Nadeth Agirreri, Mirotzen patroiari.
Orio Arraun Elkarteko bi ordezkariek Neguak sortutako liderraren maillot berriak ere jaso dituzte. Hala horiek soinean uretaratuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako datorren asteburuan A Coruñako uretan lehiatuko duten lehenenego jardunaldian.
Lehen estropadarako zozketa. Uztailaren 4an lehiatuko duten gizonezkoen lehen jardunaldirako egindako txanden zozketak erabaki du CR Ares, Donostiarra, Ondarroa Cikautxo eta Orio Arraun Elkarteak Cidade da Coruña Banderaren lehen txandan arraun egingo dutela. Bestalde, Lekittarra Elecnor, Santurtzi Transportes y Gruas Aguado, Cabo, eta Zarautz Babyautok bigarren txandan neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, GO fit Hondarribia, Kaiku VUSA, Bermeo Urdaibai Avia eta Zierbena Bahías de Bizkaiak itxiko dute jardunaldia hirugarren eta azken txandan.
“Talde bakoitzak denboraldia zein txandatan hasiko duen jakin ondoren, datorren asteburua iritsi arte itxarotea besterik ez da geratzen, beste behin ere, Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak uretan ikuskizun handia emango dutelakoan”, esan dute TKE Ligaren arduradunek.