Kuadrillen Egunean ohiko festarik ez egitea eskatu die Markina-Xemeingo Udalak herritarrei
Herri Bazkari edo paelladaren inguruko kontsultak egin dituzte herritarrek udaletxean, eta egoera argitu nahi izan du udalak.
Aurten Kuadrilla Egunik eta paelladarik ez dela egongo gogora ekarri du Markina-Xemeingo Udalak gai horren inguruan herritarren partetik jaso diren kontsultei erantzunez. COVID-19ak eragindako egoera dela eta, apirilaren 30ean Tokiko Gobernu Batzarrean onartu bezala, Karmen jairik ez dela ospatuko berretsi dute, nahiz eta egun horietan ekintza batzuk egon. “Zenbait ekintza izango dira egun horietan, unean uneko neurriak kontuan hartuta beti ere, eta udala horien antolaketan ari da lanean”.
Kuadrilla Egunean herriko hainbat kuadrilla elkartu ahal direla aurreikusita, udalak erantzukizunez jokatzeko deia egiten die herritarrei: “Kuadrillen topaketak ekiditea ezinezkoa bada ere, azpimarratu nahi da egun horretan ez dela ohiko jairik izango. Gainera, ostalariek indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak bete beharko dituzte eta ez dute izango halako jai egunetan tabernak zarratzeko eduki ohi duten ordutegi luzapenik”.
Beraz, “guztion osasuna bermatzeko eta orain arte egindako esfortzu guztia ezerezean geratu ez dadin”, egun horretan “ohiko festarik ez egitea eta arduraz jokatzea” eskatu diete herritarrei.