Sexu eta Genero Aniztasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, aldarrikapenak kalera
Harrotasun Eguna moduan ezagutzen den Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna da domekakoa, eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aldarrikatuko dituzte hainbat udalerritan.
Sexu eta Genero Aniztasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna eta Harrotasun Eguna bezala ezaguna da ekainaren 28a. Han eta hemen aldarrikapenez beteko dira kaleak, baina pandemiagatik, ezinbestean ekitaldi eta ospakizunetan segurtasun neurriak hartu beharko dituzte. Aurreko urteetan baino ekintza gutxiago egongo dira herrietan.
Mutriku aurretik girotu eta apaindu dute. EMAren ekimenez, hainbat txoko eta gune ostadarraren banderaren koloreekin margotzen aritu dira egunotan. Besteak beste, San Migel inguruko zubiko baranda eta herriko aulki batzuk margotu dituzte. Urtero brindisa antolatu izan ohi dute Mutrikun, baina aurten, bestelako ekintzak egin beharrean egon direla adierazi dute taldeko ordezkariek. Beheko Plazan ekitaldi txiki eta sinbolikoa egingo dute domekan, 12:00etatik aurrera, ostadar bandera ipini, eta elkarretaratzean batuta irakurketa egingo dute.
Potxuak Martxanek deituta, Lekeition ere aldarrikapena kalera aterako dute domekan. 13:00etan Eskolapean batzera deitu dituzte herritarrak. Gorputz oker bakarra gorputz poliziala da. Hetereoaraua desobeditu leloa aukeratu dute aurtengo Sexu Askapaneran Nazioarteko Egunerako. Urtero, hainbat udalek bat egiten dute nazi-
oarteko egun horregaz, eta esaterako, herenegungo Gernika-Lumoko osoko bilkuran adierazpen instituzionala onartu zuten.
Ondarroako Udalak, berriz, «heteroarauari planto» egin, eta aniztasuna leihoetara eta balkoietara ateratzeko dei egin die herritarrei. Emakume Kontseiluak LGTBIQ+ harrotasuna erakusteko eta aniztasuna ospatzeko, ikurrak, banderak, leloak eta bestelakoak jartzeko esan du: «Gaur egun ere, LGTBIQ+kolektiboak jarraitu egiten du zigorrak, irainak, diskriminazioak bizitzen, beraien kontrako fobia mantentzen delako. Joan den maiatzaren 17an aldarrikatu genuen moduan, oraindik ere bizirik daude gurean aurreiritzi sexualak, eta haien ondorioz sailkatu eta alboratu egiten ditugu pentsamolde hetero arautzailetik aldentzen diren sexualitateak, ez da amaitu trans kolektiboaren patologizazioa, ez dira desagertu kolektiboaren kontra diharduten erakundeak eta jokaerak».
Ekimenez ekimen, fobiak lekurik ez daukala erakutsiz, sexu eta genero aniztasuna harrotasunez bizi dutela aldarrikatuko dute herritarrek.
Markina-Xemeinen, ostera, Zinegoak jaialdiko film laburrak proiektatuko dituzte, domekan, 18:30ean hasita, Esperantza aretoan. IRAKURRI ALBISTEA
‘Stonewalleko matxinada’, duela 51 urte. Baina, zergatik ekainaren 28a? XX. mendeko 60ko hamarkadan, ohikoak ziren polizia sarekadak gay, lesbiana eta transgeneroen topaguneak ziren tabernetan. 1969ko ekainaren 28an, errebolta bat egon zen New Yorkeko Greenwich auzoko Stone Wall Inn tabernan, eta gertakari hark ekarri zuen gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen askapen mugimenduaren sorrera. Diotenez, protestak gertatu zirenean, Over the rainbow (Ortzadarraz haratago) kanta entzuten zen, eta, horregatik, ortzadarraren koloreek osatzen dute aniztasun eta askatasun sexuala irudikatzen duen bandera. Mugarri izandako gertaerak ikur bihurtu ziren, eta 1985ean apirilaren 28a Harrotasunaren Eguna izendatzea erabaki zuten.