Amorotoko Udalak diruz lagunduko ditu herriko autonomoak eta mikroenpresak
COVID-19ak sortutako alarma egoeraren ondorioz kaltetu direnek uztailaren 15a arte daukate diru laguntza eskatzeko.
COVID-19ak sortutako alarma-egoeraren ondorioz Amorotoko autonomo edo mikroenpresek jasandako galera ekonomikoak arintzen lagundu asmoz, udalak diru laguntza deialdia zabaldu du. “Mikroenpresatzat hartuko dira 10 langiletik behera dauzkatenak, baldin eta urtean gehienez 2 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena badute”, azaldu dute.
Kaltetuek uztailaren 15era arte [eguaztena] egin ditzakete eskariak udaletxeko idazkaritzan edo udalaren webgunean eskuratu daitezkeen inprimakiak beteta. Udal bulegoetan edo udaleko erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu ahal dira.
Aurkeztutako eskabideen ordenaren arabera emango dituzte diru laguntzak, eta jakitera eman dutenez, 2020ko udal aurrekontutik gehienez, 10.000 euro bideratuko dituzte diru laguntza horietara.
Ordainketa bi egingo dituzte. Espedientea ebatsi eta dirulaguntza emateko akordioa onartu ondoren, %50 emango dute, eta beste %50, berriz, espedientean jasotzen denean jarduera mantendu dela diruz laguntzeko epealdiaren ondorengo hiru hilabetetan.
Laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, eta onuradunak udalari jakinarazi beharko dizkio diruz lagundu daitezkeen kontzeptu berberengatik jasotako diru laguntzak.
Baldintzak. Ekonomia jarduera Amoroton egitea eta garatzea, egoitza fiskala udalerrian edukitzea eta Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan udalerriko erroldan alta emanda agertu behar da laguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko. Horrez gain, jarduera alta data 2020ko martxoa baino lehenagokoa izatea eta baja eman gabe jarraitzea ere baldintza modura jarri dute. Gainera, jarduera mantendu beharko dute diru laguntzen epealdia amaitu eta gutxienez beste hiru hilabetetan.
Osasun-alarma egoeraren ondorioz, 2020ko martxoaren 15etik maiatzaren 10era jarduera eten beharra eduki duten autonomo eta mikroenpresentzako laguntza da. “Edo jardueraren etenaldiak eragin ez arren, epe horretan jarduera murriztu bada, diru-sarreretan (fakturazioan) %50a edo gehiagoko jaitsiera izatea, aurreko urteko batez bestekoarekin alderatuz”.
Aipatutako galera horiek justifikatzeko, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute eta berari erantsita BEZ aitorpenak (2019 eta 2020ko 1. eta 2. hiruhilebeteari dagozkionak) eta beste edozein agiri, legezko baliotasuna duena, 2020ko diruz lagundu daiteken epealdian galera edo irabazi ezak justifikatzeko, 2019ko epealdi berdinarekin alderatuz. “Adibidez, emandako fakturen zerrenda, data eta kopuruarekin, 2019 eta 2020 epealdi berdinaren arteko konparaketa egiteko”.