'Begiak zerumugan' poema liburua aurkeztu du Miren Agur Meabek
Lekeitioko idazlearen azken lanak haize-arrosa batek gidaturiko bidaia bat proposatzen du. Liburuaren oinarrian azken hamabost urteetan idatzitako material bat dagoela nabarmendu du idazleak.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren eta Ane pikaza ilustratzailearen artean egindako Begiak Zerumugan poema liburu ilustratua aurkeztu du Elkar argitaletxeak. Zerumugari begiratzea abiatzeko bultzada izan daitekeela dio idazleak, eta orrialdez orrialde, haize-arrosa batek gidaturiko bidaia baten barrena eramango du irakurlea, iluntasunetik argitasunera.
Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabalen hitzetan, liburu hau “paisaiak sentimendu bihurtzen diren liburu bat” da, liburu jostaria: “poema batetik bestera jolasean joan daiteke saltoka bezala bidezidor batetik, marra ikusezin batek lotuta bezala daude poema guztiak”. Izan ere, hasierako orrialdean haize arrosa bat eta mapa txiki batzuk ikus daitezkeela azaldu du, “bidaia horretan norabidea sekulan ez galtzeko” .
Liburuaren oinarrian azken hamabost urteetan idatzitako material bat dagoela nabarmendu du Miren Agur Meabek. 200 poematik gora zirenez hautaketa bat egin zuen lehenengo, eta ondoren, hainbat eratan antolatu du, hurrenkera zentsuzkoa izateko. «Ez nuen nahi poema solteen bilduma hutsa izatea». Materiala aukeratu eta antolatu ahala testu berriak sortzen joan dela azaldu du, «eta apurka-apurka lanak beste dimentsio bat hartu du nire ustez sakonagoa».
Adin guztietako irakurleentzako poesia da, irakurketa maila desberdinak ahalbidetzen dituelako
Egitura. Guztira, liburuan, 68 poema bildu dituzte, lau ataletan banatuta, eta lau atal horiek lotzen badago hari argumental sotila: ibiltari baten ahotsa bere bidearen berri ematen. «Ibilbidearen hasieran haize arrosaren mezua jaso du ibiltari horrek abiatzeko, eta amaieran, bidaiaren laburpena dator. Badira bi poema aitzin solas eta gibel solasaren funtzioa egiten dutenak, pertsonaiak izango duen bilakaera besarkatuz”. Liburuaren lau atalak, bidaldi edo etapak direla argitu du idazleak: ” lau atal horiek eta bakoitzaren izenak erreferentzia egiten dio aurresolaseko poemari, hau da, haize arrosaren mezu horri, eta halantxe dator atal bakoitza Ane Pikazaren irudi edo kreazio zoragarri bategaz hasita”. Atal bakoitzak badu bere izena: Har ezazu fardela, Argi itzaletan mela, Arimaren arbela, eta Han hemen marinela. Atal bakoitzean, bidean lagunduko dioten poeta batzuen hitzak aukeratu ditu Meabek.
Adin guztietako irakurleentzako poesia dela esan du, irakurketa maila desberdinak ahalbidetzen dituelako: «Ume eta gaztetxoek agian modu jostagarri eta ludikoan interpretatuko dituzte testuak, baina, aldi berean, helduek, euren esperientziaren argitik beste mani bat antzemango diote». Poesia gardena dela gaineratu du Meabek: “irudian oso oinarritua, makulu gisa oskidetasuna eta musikaltasuna dituena, herri formen oihartzunak ere ageri dituena, eta tarteka ozen eta tarteka zurrumurruka irakurtzekoa edo esatekoa”. Poema batzuk lelo gisa erabiltzeko modukoak edo kantatzeko modukoak ere izan daitezkeela dio.
Poemekin tartekatuta aforismoak agertzen dira liburuan
Mapa txikiak. Poemekin tartekatuta aforismoak agertzen dira liburuan, 48, hain zuzen. Horiek dira mapa txikiak. “Lotura daukate poemek igortzen duten mezuagaz, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan atal horretako atmosferagaz”. Beraz, irakur daitezke poemekin batera, baina izatez aforismoak izan behar duten moduan, beregainak direla dio, autonomoak. «Mapa txikiak deitu diet zeren denek dakigu mapak zertarako diren, baina kasu honetan lur planetari aplikatu beharrean norberaren baitako geografia markatzen dute, eta normala den moduan, batzuetan mapak agerian daude eta beste batzuetan ez; ez dakigu interpretatzen, ez dakigu irakurtzen». Zehaztu duenez, denetarikoak dira aforismo horiek, gauza konkretuei buruz: itsasargia, pospoloa, errautsa… baina baita kontzeptu abstraktoei buruz: askatasuna, dolua, barkamena…
Ane Pikaza izan du bidelagun Miren Agur Meabek bidaia horretan, eta ilustratzaileak bidearen interpretazio propioa egin du. «Aske eta eskutik ibili gara liburu honetan iluntasunetik argitasunera eraman gaituen zerumugako bidearen zati batean». Liburuak badauka beste berezitasun bat, gainera, Pikazak horma-irudi bat egin du, eta liburuaren amaieran dago, liburuari itsatsita. “Askatu egin daiteke eta nahi bezala poesiak irakurri bitartean aurrean eduki daiteke bidaian laguntzeko”.