Pablo Hasel rap abeslariak hitzaldia eta kontzertua emango ditu Ondarroan
Espetxeratu aurreratik Euskal Herritik zehar bira egiten ari da rap abeslari katalana. Biharkoa lehen geldialdia izango da.
Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz Pablo Hasel rap abeslari eta militante politikoa espetxeratu egingo dute laster, terrorismoari gorazarre egitea eta Espainiako koroari irainak egitea leporatuta. Baina kartzelan sartu aurretik bira antzeko bat egiten ari da Euskal Herrian zehar. Hiru lekutan egongo dela iragarri du, eta tartean, Ondarroan geldialdia egiteko asmoa du. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Ondarroako Gaztetxekoa lehenengoa izango da. “Ostean, Santurtzin eta Bilbon egoteko asmoa duela esan digu”.
Amnistiaren aldeko errepresioaren aurkako mugimenduaren ekimenez, bihar [uztailak 2] hitzaldia eta kontzertua emango ditu rap abeslari katalanak Gaztetxean. Hitzaldirako eta kontzerturako maskarak soinean eramatea nahitaezkoa izango dela gogorarazi dute. “Gaztetxe barruan distantziak errespetatuko dira”, gaineratu dute. 18:00etan emango du hitzaldia, eta 22:00etan, kontzertua. Kontzertua sarreragaz izango dela iragarri dute. Sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira, 3 euroren truke.
20:30ean, berriz, elkarretaratzea ere egingo dute Alamedan, Haseli babesa erakusteko; Pablo Hasel aske, amnista osoa! lelopean batuko dira Alamedan. Elkarretaratzean ere beharrezko osasun neurri guztiak errespetatuko direla nabarmendu dute antolatzaileek.