Antzerkiak hartuko du Lekeitioko Abaroa jauregiko lorategia
Goitiberaren 'Yijaaa!!!' eta Trapu Zaharraren 'Turistreando' ikuskizunekin gozatzeko aukera egongo da asteburuan, Lekeition. Biak dohainik izango dira, baina sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira.
Asteburu honetan bi antzerki egongo dira Lekeition, Abaroa jauregiko lorategian. Biak dohainik dira, baina Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, beharrezkoa izango da sarrera aurretiaz hartzea.
Goitibera antzerki konpainia izango da plazaratuko den lehenengoa. Bihar [uztailak 3], 19:30ean, Yijaaa!!! umeentzako ikuskizuna eskainiko dute. Aristides Smithek eta Sasha Cannoli dira ikuskizuneko protagonistak. Gizadiko lehendabiziko base jauzia burutu nahi dute, modu honetan euren izenak munduko historian txertatuz. Euren asmakizunez, musikaz eta ilusioaz baliatuz, ikusleak XX. mende hasierako ingeles itxurako unibertso burugabe batera eramango dituzte.
Domekan [uztailak 5], berriz, Trapu Zaharra antzerki konpainiak Turistreando ikuskizuna eramango du Abaroara. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta bertan Santi Ugalde eta Mila Espiga aktoreek bidai agentzia baten saria irabazi duen emakume baten gorabeherak kontatuko dituzte. Bidai agentzia batek promoziorako stand bat ipiniko du kalean, bere puntako produktua jendeari agertzeko: “bidai birtualak bakoitzaren nahierara sortuak”. Etxekoandre bat sarituko dute bidaia birtual bategaz, eta bidaia hori zuzenean antolatuko dute bertan.
Sarrerak. Ikuskizun batera zein bestera joan ahal izateko sarrerak kultur etxean hartu behar dira gaur [uztailak 2] eta bihar [uztailak 3] 10:00etatik 13:00etara, eta Abaroan, domekan [uztailak 5] 17:00etatik aurrera. Gehienez lau sarrera emango dituzte pertsona bakoitzeko. Maskara eramatea ezinbestekoa izango da.