Everesteko gailurra egin zuen euskal espedizioa omenduko dute Arraten
Orain dela 40 urte egin zen omenaldiaren antzekoa prestatu du Gu ere bai! ekimenak domekarako [uztailak 5]. Ekitaldian parte hartuko dute Etxebarrian bizi izan zen Emilio Hernandoren senideek.
40 urte bete dira (1980ko maiatzaren 14an) euskaldunek Everesteko gailurra lortu zutenetik. Martin Zabaleta mendizale hernaniarra, Pasang Temba sherpagaz batera, Everest mendiaren gailurrera iritsi zen, eta ikurrina jarri zuten bertan. Everesteko gailurra egin ostean, Euskal Espedizioa omendu zuten Arraten. Kalamua mendira igo eta gero ekitaldia egin zuten Eibarko auzoan, eta, aurten ere, antzeko omenaldi bat egitea pentsatu du Gu ere bai! ekimenak inguruko mendizaleekin batera.
Antzeko egitaraua prestatu dute domekarako [uztailaren 5]. Kalamua mendira igoko dira, eta 10:00etan jarri dute ordua mendi tontorrean, leku desberdinetatik abiatuko diren ibiltariak elkartzeko. Gero, 13:00etan, ekitaldia eta omenaldi herritarra egingo diote Arraten 1980ko Euskal Espedizioari.
Hamabi mendigoizalek parte hartu zuten balentria hartako kide izan zen Emilio Hernando. Bilbon jaiotako mendizalea 2002tik bizi izan zen Etxebarrian, 2013 urtean zendu zenera arte. Eta, beraz, Markina-Xemein eta Etxebarritik ere joango dira herritarrak, eta Hernandoren senideak ere parte hartuko dutela jakitera eman dute.