Mutrikuko Turismo Bulegoak udako denboraldiari ekin dio
Abuztuaren 31 arte egunero zabalik egongo da bulegoa. Nautilus Ikasgune Geologikoak ere egunotan zabaldu ditu ateak.
Uztailaren hasierarekin batera, udako ordutegia abian ipini du Mutrikuko Turismo Bulegoak. Bertako arduradunek iragarri dutenez, ateak egunero zabalduko dituzte, abuztuaren 31 arte. Honakoa izango da ordutegia: goizez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00ak bitartean. Mutriku, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Debabarrena eskualdea, Gipuzkoa eta Euskal Herriko turismo informazioa eskuragarri izango dira bisitarientzat.
COVID-19ak eragindako osasun alarma egoeraren ondoren, eta “guztien ongizatea bermatzeko asmoz”, turismo bulegora bertaratzen diren bisitari guztientzat segurtasun neurri guztiak martxan ipini dituztela nabarmendu dute. “Bisitariak bulegoan banan-banan sartu beharko dira, maskara jantzita eta bertan dagoen gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dituzte eskuak”.
Mutriku, Deba eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere udako denboraldiari bete-betean eman dio hasiera. Geologia, natura, kultura, ohiturak edota hizkuntza jorratzen dituzten bisita gidatuak egiteko aukera eskainiko dute beste urte batez; aurtengoa hamargarren urtea izango da. Bisiten egutegia eta erreserbak Geoparkearen webgunean egin ahalko dira. Agertu dutenez, Mutrikun honako bisita gidatuak egiteko aukera egongo da:
- Mutriku marinela. “Bisita gidatu honetan Monumentu Multzo izendatutako hirigune historikoan dauden jauregiak ezagutu eta herriko itsasgizon, marinel eta emakumeei buruzko istorioak ezagutuko ditugu. Gipuzkoako hiribildu ederrenetariko ezagutuko dute bisitariek”.
- Arrietakua Jauregia. “Euskal Kostaldearen itsas historian murgiltzeko aukera ematen digu bisita honek, XVIII. mendeko jauregi zoragarri honetan barneratuta; Antonio de Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka itsasgizonena izandako jauregi honetan gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da, Mutrikuko hirigune historikoan”.
- Nautilus, flyscheko fosilak. “Ikasgune geologikoa gidaren eskutik bisitatu eta gero, zazpi hondartzak bisitan itsasontziz Mutriku eta Saturraran arteko itsaslabarrak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek ordubetez”.
Egunotan Nautilus Ikasgune Geologikoak ere zabaldu ditu ateak. Uztaila eta abuztuan martitzenetik domekara egunero egongo da zabalik. Honakoa izango da ordutegia: martitzenetik zapatura, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara eta domeketan 11:00etatik 14:00etara. Barne bisita gidatuak egiteko aukera ere egongo da. Goizez, 12:00etan eta arratsaldez, 18:00etan. “COVID-19aren eragina bertako langileengan ahalik eta gutxin murrizte aldera, sarrera orokorra doakoa izango da. Barne bisita gidatuak bakarrik kobratuko dira”. Azaldu dutenez, barne bisita gidatuek aurreko urte prezio bera izango dute: 3 euro.