"Momentu honetan bizitzen ari den egoera jasanezina da"
Jon Atxurra Egurrolak eta Manu Zarragoitia Zapirainek, Julen Atxurra ‘Pototo’-ren anaiak eta koinatuak, preso lekeitiarra Aranjuezko espetxean bizitzen ari den egoera gogorraren berri eman diote HITZAri.
Une gogorrak bizitzen ari da Julen Atxurra Pototo preso politiko lekeitiarra. Maiatzean buruko isuria eduki zuen, eta, orain, Aranjuezera lekualdatu dute; isolatuta daukatela salatu dute senideek.
Zelan dago Julen Atxurra izandako arazoaren ondoren?
Jon Atxurra Egurrola: Txarto dago, ez dago ondo, prozesu gogorra bizitzen ari da. Bera izate gogorrekoa da, baina momentu honetan bizitzen ari den egoera jasanezina da; osasun arazo gogorrak ditu, bost egunetan kartzelarik kartzela erabili dute, eta, azkenean, Aranjuezko espetxera heldu denean, isolamenduko ziega baten sartu dute, bakarrik eta inolako babes edo laguntza medikurik barik. Fisikoki, neurologikoki eta psikologikoki ere egoera oso kaltegarria da berarentzat, are gehiago 24 urtez espetxerik espetxe bizi izan den pertsona bat izanik.
Maiatzean izan zuen buruko isuria; bisitatzeko aukerarik eduki zenuten?
Manu Zarragoitia Zapirain: Maiatzaren 13ko iluntzean eduki zuen isuria garunetako eskumako alderdian, eta, berehala bere kideen bitartez jakin genuen Puerto Realeko ospitalera eraman zutela. Hurrengo egunean ospitaletik esan ziguten ezkerreko besoa eta hanka geldituta zituela, bestelako ezelako kalterik ez zuela izan, egonkor zegoela, gosaldu eta garbitu bere kabuz egin zela eta medikuak probak egiten ari zitzaizkiola. Ospitalean egon zen bitartean ez ziguten utzi beragaz berba egiten, informazio guztia ospitaletik jasotzen genuen, eta noizean behin espetxeko gizarte laguntzaileekin berba egiten genuen. Hortik aparte, beste inor ez da jarri gugaz harremanetan. Bisita izatea lortu genuen, eta azkenean, maiatzaren 23an biok egon ginen beragaz lokutorioan 40 minutu.
Etxekook kezkatuta jarraitzen duzue?
J.A.E.: Oso urduri gaude etxekoak, lagunak eta inguruko guztiak. Herrian zehar askok eta askok galdetzen digute zelan dagoen Julen. Guk hori, bihotz-bihotzetik eskertzen dugu, nahiz eta askotan gauzak gordinkeria guztiagaz ez azaldu, ez dugulako inor gehiago arduratu nahi. Medikuaren txostenak dio «MAP bidezko kontrola» egin behar zaiola eta errehabilitazio terapiagaz hasi behar dela. Gaurko egunez, ez bata ez bestea ez diote egin.
COVID-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu du. Zelan eragin dio zuen senideari?
M.Z.Z.: Alarma egoera hasi zenetik, Puerton egin genion bisitaz gain, 8 minutuko lau bideokonferentzia eduki ditu, gurasoekin bi eta alabekin beste bi. Aipatu nahi genuke aita eta ama mugikortasun eta osasun arazoak dituzten laurogeita hamar urtetik gorakoak direla, eta bi bider eduki dute euren semea ikusteko aukera. Denbora gutxi izan arren (8 minutu), gauza handia izan da haientzat, azken urteetan ez baitute elkar ikusi. Domekan Aranjuezera joan ginen alaba nagusia eta arrebagaz, 40 minutuko lokutorioa zeukan-eta arratsaldeko zazpiretan. Alabari (adin txikikoa) ez zioten utzi bisita egiten, amaren baimen bat behar baita adingabeei bisitan laguntzeko. Hainbeste espetxetan ibili gara, eta sekula ez dugu eduki horrelako arazorik, badaukagulako amak emandako baimen idatzia, horixe erabili dugu kasu honetan ere. Dokumentazio guztia eraman arren, ez zioten sartzen utzi.
24 urte daramatza espetxean, eta guztiak 1. graduan, hau da, gogorrenean eta murriztaileenean. Horrek beste ondoriorik eragin dio?
J.A.E.: Orain dela hiruzpalau urte, ariketak egiten ari zela Puertoko espetxeko patioan, bere eskumako hankan zuntz haustura eduki zuen. Ospitalera eraman zuten, baina beste laguntza medikurik ez zuen izan, eta kalte hori hor gelditu zaio osatu barik. Berak eskatu arren ez diote eman, eta hor gabiltza ea horri buruzko txosten medikua lortzen dugun eta behingoz tratamendu bat jartzen dioten.
Gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daude espetxean; 70 urtetik gorako bi preso, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24.
M.Z.Z.: Ez dauka zentzurik ez juridikoki ez eta giza eskubideen aldetik. Sasoia da egoera honekin bukatzeko eta preso guztiak hurbildu eta kalera ateratzeko. Jakina da ohiko justizia edo lege arrunta aplikatuko balute 80 edo 90 presok kalean egon beharko luketela, eta besteak, Euskal Herrian eta egoera askoz hobean. Errealitatea beste bat da, eta horri buelta emateko garaia da.
Pototoren kasuan, Puertotik (Cadiz) Madrilera hurbildu izana, zelan baloratzen duzue?
J.A.E.: Gure balorazioa oso ezkorra da, erderaz esaten den modura, «de Guatemala a guatepeor» joan da Pototo. Inork pentsatzen badu 500 km hurreratzea hurbiltzea dela, bere burua engainatzen dabil. Liher, gure beste preso lekeitiarra, Ocañan dago (Gaztela-Mantxa), Aranjueztik hurrean, inork pentsatzen ote du hurbil dagoela? Ondo dagoela? Presoen senideok haiek ondo egotea nahi dugu, eta horretarako dispertsio politikak amaitu beharra dauka, eta presoen osasun fisikoa eta psikologikoa zaintzeko haien Euskal Herriratzea ezinbestekoa da.
Zelakoak dira senideon baldintzak? Zelan bidaiatzen duzue eta zenbat bisita izaten dituzue?
M.Z.Z.: 24 urte daramatzagu Frantziako estatuko (17 urte egin zituen, aldi bateko estradizioak barne) eta Espainiako estatuko (7 urte egin ditu Puerton) kartzeletara joaten astebururo, Paris, Rouen, Marsella, Chateraoux, Moulins eta abar Frantzian, Madrid, Valdemoro, Alcala, Pto. Sta. Maria eta abar Espainian; den denak 500 km-tik gorantz. Frantzian bisitak egun osorako ziren, hemen berriz ordu bira mugatuak batzuetan (vis a vis) eta 40 minutuko kristalean besteetan (lokutorioa). Parisera eta Puertora (1000 km) senideen autobusean, gau biko bidaian joaten ginen (14 ordu harantz, 14 ordu honantz) eta beste batzutan autoz.
Pototoren hurbilketagaz gain, egon dira beste hurbilketa batzuk. Hala ere, Euskal Herritik kanpo jarraitzen dute gehienek. Zergatik uste duzue jarraitzen dela egoera horretan?
M.Z.Z.: Ez daukagu erantzun zehatzik. Gaur egun ikusten ari gara zer gertatu den Espainiako goreneko instituzio batzuekin, argi geratzen ari da legea ez dela berdina denentzat, eta bere aplikazioa eta interpretazioa baldintzatuta daudela. Harria geldirik dago, eta denon artean mugitu beharra daukagu, inor baztertu barik. Guk uste dugu erakunde publikoek, alderdi politiko guztiek eta gizarteak oro har mugitu beharra daukatela arazo hau behingoz, gainditzeko.
Egoera aldatuko dela ikusten duzue?
J.A.E.: Mugimendu txiki eta ahul batzuk egon dira, egia da azkenaldi honetan 15 bat hurreratze egon direla. Tunel honen amaieran argi txiki bat piztu dela ikusi nahi dugu, eta itxaropen faltsurik sortu barik ahalegin guztia egiten jarraitu behar dugula deritzogu, denak etxera ekarri arte.
Sarek Izan Bidea dinamika martxan jarri du, presoak etxeratu asmoz. Zer deritzozue?
J.A.E.: Lehen aipatu dugun bezala, denok mugitu behar dugu, eta horretarako Sarek jarri duen dinamika bikaina da. Eskerrak eman nahi dizkiegu bai Sareri bai Etxerati ematen dizkiguten babes eta bultzadagatik, baita ere beste erakunde guztiei euren laguntasunagatik.
Aldiro-aldiro atera dira lekeitiarrak kalera Pototoren etxeratzea eskatzeko. Herritarren babes hori nola bizi duzue?
M.Z.Z.: Ez dago hitzik hori eskertzeko, beti daude preso eta senideekin; babestuta eta lagunduta sentitzen gara, helarazten diguten babesa, berotasuna, sentimendu eta laguntza nabaritzen ditugu, eta hori ezinbestekoa dute Liher, Pototo eta beste euskal preso politiko guztiek. Oraindik lan asko dago egiteko, eta den-denei eskatzen diegu dinamika horretan jarraitzea, harik eta preso guztiak etxera ekarri arte. Bihotz-bihotzetik besarkada handi bat eta eskerrak bidali nahi dizkiegu HITZA bidez.