Saturrarango hondartza hustu egin behar izan dute, segurtasun neurriak ez errespetatzeagatik
Toallen artean bi metroko gutxieneko distantzia ez zelako betetzen hartu behar izan dute neurria. Edukiera gainditu ondoren, hainbat hondartza itxi behar izan dituzte; zazpi Gipuzkoan eta bederatzi Bizkaian.
Tenperatura altuek eta udako giro bikainak erakarrita, Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartza guztietara jendetza hurreratu da uztaileko lehen asteburuan. Atzo [uztailak 5], esaterako, zenbait hondartza itxi egin behar izan zituzten segurtasun distantzia mantentzen zela bermatzeko; Gipuzkoan, guztira, zazpi hondartza itxi zituzten, eta Bizkaian, berriz, bederatzi. Baina Mutrikuko Saturraran hondartzan neurri zorrotzagoak hartu behar izan zituzten. Hain zuzen ere, hondartza hustu egin behar izan zuten eguerdian.
Garoa Arizmendi zinegotziak azpimarratu duenez, hondartzaren edukiera osoa bete ondoren segurtasun distantzia ez zelako betetzen hustu behar izan zuten hareatzea. “Hondartzak gainezka egin zuen une batez. Toallak bata bestearen gainean zeuden, itsasgora hasita zegoen eta bi metroko gutxieneko distantziarik errespetatzen ez zenez, erabaki hori hartu behar izan zen. Sorosleek megafoniatik behin baino gehiagotan neurriak betetzeko eskatu zuten, baina inork ez zuenez jaramonik egin, hustutzea erabaki zen”.
Arratsaldean ere jende gehiago jaso ezinda geratu zen hondartza, baina kasu horretan ez zen hondartza hustu beharrik egon. “Arratsaldean aforoa bete zen, baina jendeak distantziak ondo errespetatu zituen”. Hondartza itxita egon zen bi tarteetan, aparkalekua ere itxita egon zela jakinarazi diote udaltzainek HITZAri. “Jendeak TAO zerbitzua hondartzara joateko ordaintzen du, eta hondartza itxita zegoenez, ordainketa egin eta hondartzara joan ezinik ez geratzeko hartu genuen neurria; horrelako egoerak saihestu nahi izan ditugu”.
Egoera oso aldakorra izaten da, eta hondartzara joan nahi dutenei Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek horretarako kaleratu dituzten APPak kontsultatzeko eskatu dute agintariek.