Uztailaren 12an ez bozkatzea, "etorkizuna besteen eskuetan jartzea" dela esan du Urkulluk Lekeition
Urkulluk gazteenei eskaini nahi izan zien diskurtsoaren zatirik handiena.
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburuak mitina eman zuten Lekeition barikuan [uztailak 3]. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean bozkatzera joateko deia egin zuten jeltzaleek. Herriak momentu “kritikoa” bizi duela, eta uztailaren 12ko hauteskundeek “berebiziko garrantzia” edukiko dutela azpimarratu zuen EAJren lehendakarigaiak.
“Botoa ematea da errealitateari begietara begiratzea. Ez bozkatzea da etorkizuna besteen eskuetan uztea; bozkatzea da nahi dugun herria eraikitzea. Ez bozkatzea da arazoez ez arduratzea; bozkatzea da nor bere erantzukizunaz jabetzea. Botoa eskatzen dut bat egiteko, integratzeko, aurrera egiteko. Botoa eskatzen dut aurrera irteteko. Botoa eskatzen dut Euzko Alderdi Jeltzalearentzat. Irten egingo gara!”.
Urkulluk gaztenei eskaini nahi izan zien bere diskurtsoaren zatirik handiena. Lehendakariak hitzeman zuenez, “belaunaldi bakoitzari dagokiona aintzat harturik” jarraituko du. “Pertsona gazteentzat bizitza proiektu autonomo eta ilusio piztailea bideragarri egitea lortzea da proiektu bat gizarte osoarentzat onuragarria dela erakusten duen adierazlea”. Hautagai jeltzearen berbetan, “euskal gizartearen ongizatea gazteriaren ongizateari lotuta dago”.
Bide beretik, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere “botoa ondo pentsatzeko” eskatu zien herritarrei Lekeition. “Hauek 40 azken urteotan izan ditugun hauteskunderik garrantzitsuenak dira”.Ortuzarrek herritarren babesa eskatu zuen alderdiarentzat. “Aurrean izango ditugun erronkek ez dute esperimenturik onartzen. Esperimentuak gaseosarekin egiten dira, eta ez botoekin. Gutxitan da hain garrantzitsua boto arduratsua, ondo pentsatutako botoa. Euskotarra trainerua egin behar dugu, Euskadiko trainerua. Lemazain bikaina daukagu. Ur nahasiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Eta badaki bere taldea ondo gidatzen. Iñigo Urkullu da gure lemazaina, gure patroia!”.
Ekitaldia Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendako buruak zabaldu zuen. Arrizabalagak “arraunlariek itsasoan erakusten duten adorea” parekatu zuen Euskadiko erakundeek “COVID-19aren pandemiaren aurrean erakutsi duten gaitasunarekin”.