DJ Rikki mutrikuarrak The Sound Of Tomorrow lehiaketa irabazi du
2021 Tomorrowland jaialdi ospetsuko agertoki nagusian kontzertua emateko txartela eta Fedde Le Grand DJaren estudioan remix bat grabatzeko aukera irabazi ditu mutrikuarrak.
Ricardo Rodriguez Flores DJ Rikki mutrikuarrak The Sound Of Tomorrow 2020 txapelketa irabazi du gaur [uztailak 7]. Musika jartzaileen arteko txapelketaren finala arratsaldean jokatu da era birtualean, eta finalean aritu diren lauetan onena izan da. Txapelketa irabazita, datorren urteko Tomorrowland musika elektronikoaren jaialdi ospetsuan parte hartzeko eta mundu osoko milaka zaleen aurrean agertoki nagusian kontzertua emateko aukera izango du. Era berean, Herbereetako Fedde Le Grand musika jartzaile ospetsuaren estudioan remix bat grabatzeko aukera ere edukiko du.
Rodriguez pozez gainezka agertu da sari nagusia irabazi berri. “Sekulako ametsa bete dut, ezin sinetsita nago. Izugarrizko saria da Tomorrow moduko jaialdi batean aritzeko txartela lortzea. Bertan ikusle modura egon naiz, eta han sentitzen dena ezin da hitzez azaldu. Esan digutenez, milaka eta milaka DJ saiatu dira txapelketan parte hartzen, baina 1.300 inguruk gainditu genuen lehen faseko aukeraketa”. Iaz txapelketa sartzeko saiakera egin zuen mutrikuarrak, baina ez zutela hartu azaldu du. “Aurten berriz izena eman dut, eta irabazi egin dut”.
COVID-19a tarteko, final handia Tomorrowland jaialdiko Youtube kanaletik jokatu behar izan dute; bestelakoan Ibizan egingo zen. Norvegiako DJ Matti, Alemaniako Jil Tanner eta Herbehereetako Angie Mill- en aurka musika mahaiarekin duen trebezia erakutsi behar izan da DJ Rikkik. “Borroka antzerako bi saio egin behar izan ditut, beste DJ baten aurka. 10 minutuko tartea izan dugu bakoitzak”. Mutrikuarrak esan duenez, abesti ezagunak ipini ditu bere saioetan.”Kantu ezagunekin nahasteak egiten saiatu naiz. Besteak beste, Dua Lipa-ren Physical kantu ezagunari ahotsa ipini diot eta Tomorrowland 2012ko aftermovie bateko kantu ezagun batekin nahastu du. Kantuak berez ez du hitzik, eta Dua Liparen ahotsa sartu diot gainetik, eta antzerako gauzak”.
Herrian bertan egin ditu finalerako musika elektronikoaren zuzeneko saioak. Hain zuzen ere, Arbe hoteletik aritu da, Gipuzkoako kostaldea atzean zuela. “Tokia ikuspegi ikusgarria duelako aukeratu dugu. Txapelketara aurkezteko bideoa lagun baten etxean grabatu genuen; hotela baino gorago dago etxea, Laranga auzoan. Txapelketaren antolatzaileak euskal kostaldearekin maiteminduta geratu ziren antza, eta finala ere bertatik egiteko eskatu didate”. Epaile eta ikus-entzuleen zuzeneko botoak kontuan hartuta, finalerdietan Herbereetako Angie Mill-en aurka irabazi egin du. Finaleko saioan DJ Matti norvegiarrari irabazi dio.