Ibaiondoko aparkalekuetan izena emateko epea luzatu du Ondarroako Udalak
Epea beste hilabetez luzatzea erabaki dute, uztailaren 31 arte. Eskaerak Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira.
Ondarroako Udalak Txomin Agirre ikastola zenaren sotoan dauden aparkalekuetan izena emateko aukera uztailaren 31ra arte luzatzeko erabakia hartu duela jakitera eman du. Udal iturriek azaldu dutenez, dagoeneko hainbat herritarrek egin dute eskaria bigarren deialdian, eta erantzuna ikusita, epea hilabetez luzatzea erabaki dute. Interesa duten herritarrek Erregistro Orokorrean (astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara) aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Azpimarratu dutenez, epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dituzte onartuko.
Gogorarazi dutenez, soilik ibilgailu partikularrak sartu ahal izango dira aparkalekuetan. Partzelak 30 urterako emakida modura jasoko dituzte herritarrek, aurreko deialdiko baldintza beretan. Prezioei dagokienez, aparkaleku partzelaren emakidaren prezioa 14.600 eurokoa da (15.622 euro guztira), “partzelaren kokalekua edozein delarik ere”. Trastelekua ere badaukaten aparkaleku partzelen kasuan, berriz, prezioa 20.500 eurokoa (21.935 euro guztia) izango da. Bi solairutan banatuta dauden 137 aparkalekuetatik 113 geratzen dira libre, horietatik hiru trastelekuagaz. “Mugikortasun murriztua daukatenentzako lau partzela daude oraindik erabilgarri”
Eskabidea eredu ofiziala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da, eta pertsona bakoitzeko eskaera bat aurkeztu ahal izango da. Eskabide paper ofizialagaz batera hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: NANa eta mugikortasun murriztua daukatenentzako gordetako partzelaren bat eskatzekotan Ezinduentzako Txartela. Euren zergak Ondarroan ordaintzen dituzten enpresen ibilgailuen kasuan, eta ibilgailua darabilena titularra ez den kasuetan, enpresako gerente edo administratzailearen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, “ibilgailua norberak bakarrik erabiltzen duela ziurtatzeko”. Kasu horietan ibilgailuaren zirkulazio baimena ere aurkeztu beharko da.
Aurkezten diren eskabide guztiak Aukeraketa Mahaiak onartu edo baztertuko ditu. Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da bakoitzari dagokion partzela emateko. Lekua eta data aurrerago zehaztuko dituztela esan dute.