Joseba Beitia futbol jokalaria omendu du Mutrikuko Udalak
Erdilari mutrikuarrak Indiako Hero I-League futbol liga ospetsua irabazi du Mohun Bagan AC taldearekin. Aforo mugatua dela eta, hurreko senideak eta kuadrillako lagun batzuek parte hartu ahal izan zuten udaletxe barruko omenaldian.
Mutrikuko udal kirol batzordeak Joseba Beitia Agirregomezkorta futbol jokalari mutrikuarrari harrera omenaldia egin zion zapatuan [uztailak 4], udaletxeko areto nagusian. Erdilari mutrikuarra, hain zuzen, Indiako Hero I-League futbol liga nagusiko 2019-2020 denboraldiko txapelduna izan da, Mohun Bagan AC taldearekin
Omenaldia ohorezko aurreskuarekin hasi zen. Udaletxearen sarreran dantzan egin zioten, eta familiako eta lagunen aldetik lore sortak jaso ostean, udalbatza aretoan jarraitu zuen ekitaldiak. Aforo mugatua dela eta, hurreko senideak eta kuadrillako lagun batzuek parte hartu ahal izan zuten udaletxe barruko omenaldian. “Jende asko gerturatu zen omenaldira, eta denak ezin ziren aretoan sartu”. Omenaldiaren hasieran Aitor Itza kirol zinegotziak hartu zuen hitza, eta Mutrikuren izena munduko hainbat txokotara eramatea eskertu zion Beitiari, “mutrikuar guztien izenean”. Oroigarri modura, Mutrikuko argazki bat oparitu zion.
Jarraian, Joseba Palenzuela alkateak herriko bereizgarria den paparrekoa oparitu zion, eta kirol zinegotziak egin modura, Beitia zoriondu eta egindako lana eskertu nahi izan zion. Amaitzeko, Mohun Bagan taldearekin igarotako unerik garrantzitsuenak jasotzen zituen bideo bat proiektatu zuten. “Bere azken denboraldia Indian zelakoa izan den uneak jaso genituen bideoan”. Imanol Lekunberrik bi bertso abestu zizkion eta Igor Romerok txapela jarri zion lagun guztien izenean. Etxeko, senide eta lagunekin talde argazkia atera zuten Atxukalen.
Aurrekariak. Beitiak Ondarroako Aurreran hasi zuen bere ibilbidea. Handik Bilboko Athletic Clubera pasatu zen, eta ondoren Real Sociedadera. Azken horretan Illarramendirekin bat egin zuen. Talde txuri-urdinetik Zaragozako Sariñenara pasatu zen, eta gero Ferroleko Somozasen aritu zen. Marbella eta Racing de Ferrolen ere ibili zen, eta azken denboraldia Irungo Real Unionen egin du.
Mohun Bagan Athletic Club Indiako talde historikoak iazko uztailean fitxatu zuen mutrikuarra. Komunikabide ezberdinek jakitera eman zutenez, Kibu Bikuña entrenatzaileari esker fitxatu zuten Beitia. Jean Urban Osasunako entrenatzailea izan zenean haren bigarrena izan zen Vicuña; prestatzaile fisiko legez aritu zen Osasunan. Beitia Espainiako ondoko futbolariekin aritu da Indian: Salva Chamorro murtziarra eta Cordobako Fran Morante eta Fran González.