Bisita gidatuak antolatuko ditu Lekeitioko turismo bulegoak
Itsasargia, Marierrota edo udalerriko ondarea ezagutua ahlko dira gidatutako bisiten bidez. Uztailean eta abuztuan egin ahalko dira.
Lekeitioko leku esanguratsuak ezagutzeko aukera egongo da aurtengo udan. Izan ere, turismo bulegoak hainbat bisita antolatuko ditu, eta horien artean hiru bisita gidatu egongo dira: Santa Katalina itsasargira, Marierrotara eta udalerrian zehar.
Itsasargia uztailean eta abuztuan zabalik egongo da eguaztenetik zapatura 11:30ean, 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan, eta domeka goizetan. “Itsasargian nabigazio teknologiaren interpretazio zentroa aurkitzen da, eta edukiak ulertzen laguntzen duten teknologia tresnen bitartez, herritar eta bisitariei, antzinatik (seinaleak, argiak, orientabidea, izarrak, baleak begiztatzea,…) gaur arteko nabigazioaren oinarriak ezagutzera eman eta gure marinelek lehorrarekin lotzen zituen itsasargiaren argia ikustean sentitzen zutena sentiarazten laguntzen dute”, azaldu dute. Era berean bisitari mota desberdinei egokitutako tailer didaktikoek osatzen dute zentroko bisitaldia.
Marierrota ere zabalik dago uztaileko eta abuztuko asteburuetan eta jai egunetan, 10:00etatik 14:00etara. Bertan bidegorriaren inguruko azalpenak ematen dituen interpretazio zentroa dago. “Ibilbide hau, ardoaren eta arrainaren ibilbidea edo GR38 bezala ezagutzen da. Lekeitiotik Araban aurkitzen de Oionera doan ibilbidea hain zuzen. 1555ean eraiki zuten, lehorte garaian ibaietako erroten ordez erabili ahal izateko, eta oraindik ere harri lanezko dikea mantentzen da. Dike horrekin sortzen zen ur putzua eta, itsasbehera hastean, ehotzeko makinaria martxan jartzen zuen”.
Gaur egun, Biodibertsitatearen Interpretazio Zentroa dago Marierrotan, “bost mendez baino gehiago egindako lana ezagutzeko”.
Bi eraikin interesgarri horiez gain, udalerrian zehar ere bisitak antolatuko dituzte. Horretarako, baina, 15 laguneko gutxieneko taldea behar dela esan dute. Herriko ondare historikoa ezagutzea da asmoa, dorre-etxeak, elizak, jauregiak, komentuak eta abar.
Horietako bisitaren bat edo informazioa eskuratu nahi dutenek zabalik aurkituko dute turismo bulegoa uztailean eta abuztuan, egunero, 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.