Ricardo Rodriguez: "Jaialdiak transmititzen duena nire saiora eramaten saiatu naiz"
Musika jartzeko afizioa du aspalditik Ricardo Rodriguezek. Musika nahasten duen abileziak mundu mailako jaialdirik onenean parte hartzeko txartela eman dio.
Ricardo Rodriguez Flores (Mutriku, 1995) DJ Rikki mutrikuarrak The Sound Of Tomorrow 2020 txapelketa irabazi du. Musika jartzaileen arteko txapelketaren finala martitzen [uztailak 7] arratsaldean jokatu zen era birtualean, eta finalean aritu ziren lauetan onena izan zen.
The Sound Of Tomorrow irabazita, zer sari lortu duzu?
Datorren urtean Belgikako Tomorrowland musika elektronikoaren jaialdi ospetsuan parte hartzeko eta mundu osoko milaka zaleen aurrean agertoki nagusian kontzertua emateko aukera izango dut. Era berean, Herbereetako Fedde Le Grand musika jartzaile ospetsuaren estudioan hark egindako kantu ezagun baten remix bat grabatzeko aukera ere edukiko dut. Esan didatenez, hilean behin musika jartzeko aukera ere izango dut.
Zelan jokatu da txapelketa?
Lehenengo eta behin aukeraketa fase bat egin zuten. 20 minutuko saio bat prestatu, eta sarera igotzeko eskatu ziguten. Milaka eta milaka parte hartzaileren artean aukeratu ninduten; esan didatenez, 15.000tik gora izan ginen lehen fase horretan. 1.300 parte hartzaile pasa ginen txapelketaren hurrengo fasera, eta fase horretan zer kanta aukeratu ditugun, zer teknika erabiltzen dugun, jendearen artean zer onarpen maila daukagun… eta antzeko gauzak hartu dituzte kontutan. Fase horretan 16.000 entzunaldi inguru lortu nituen, eta hurrengo fasera pasatzen nintzela esan zidaten. 20 lagun pasa ginen finalaurrekoetara; fase horretarako beste saio bat prestatzeko eta horren bideo bat ere egiteko eskatu ziguten. Handik bost egunetara posta elektroniko bat jaso nuen, lau finalistetako bat nintzela esanez; harri eta zur geratu nintzen, ez nuen espero horrelakorik.
Finalera begira urduri egon zara?
Dardaraka egon naiz aurreko orduetan. Hau guztia antolatzea lan asko izan da, eta txapelketa jende asko ikusten egoten denez ere, presio hori ere sumatu dut. Baina hemen eduki dugun giro goxoak asko lasaitu nau, eta uste baino lasaiago eta erosoago egon naiz lagunen babes osoarekin. Saioa zenbat jende ikusten zegoen pentsatu beharrean, momentuaz gozatzen saiatu naiz. Epaimahaiak oso seguru eta konfiantzaz beteta ikusi nauela esan dit; egia esan, asko gozatu dut. Nire bizitzako esperientzia onenetariko bat izan da, dudarik gabe.
Eta finalari dagokionez, zer nolako aurkariak eduki dituzu?
Herbehereak, Alemania eta Norvegiakoak izan dira; bi neska eta bi mutil izan gara finalean. Bi borroka jokatu ditut guztira. Lehenengo txandan Herbehereetako Angie Millen aurka aritu naiz, eta finalean Disco estiloko kantuak jartzen dituen Norvegiako DJ Mattiren aurka aritu naiz.
Azken buruz burukora pasa zarenean, zer pasa zaizu burutik?
Honaino ailegatuta irabazi egin behar nuela pasa zait burutik. Irabazten ez banuen ere, jendearen aldetik eduki dudan babesa eta bizi izan dudan esperientzia izugarria izan da. Honaino iristea pozik egoteko moduko marka zen, egia esan.
Tomorrowland munduko jaialdirik onena da, eta horrelako leku batean parte hartuko dudala jakite hutsak asko pozten nau
Zelan sentitu zara finalean?
Epaimahaiak gehiegirik ez dudala arriskatu esan dit. 10 minutuko saioa egiteko aukera izan dugu, eta denbora tarte horretan ahalik eta gehien sartzen ahalegindu naiz. Zerbait klasikoa eta nire estiloarekin egin nahi izan dut. Azken finean, Tomorrowland jaialdiak transmititzen duen musika hori nire saiora eramaten saiatu naiz; jarri dudana agertoki nagusian jartzen den estiloko zerbait izan da.
Jartzen duzun musika zelan definitiko zenuke?
Progressive house eta Big roomaren arteko uztarketa bat dela esango nuke. Musika mota hori EDM (Electronic Dance Music) modura ere ezagutzen da. Nahikoa ezagunak diren kantu komertzialak erabiltzen ditut, eta horiek era elektroniko batean nahastu.Dua Liparen kantu ezagun baten hitzak hitzik ez duen beste kantu batekin nahasten dut, esaterako; Europa mailan estilo hau oso zabaldua dago.
Irabazlea zeu zarela entzun duzunean, zer sentitu duzu?
Oso momentu polita izan da. Nire lagunak lehiaketa zuzenean ikusten egon dira hemen nire aurrean, eta ni emaitza pantailan agertzeko zain nengoela saltoka hasi dira, eta irabazlea ni nintzela entzun dudanean izugarria izan da. Oraindik ere ezin sinetsita nago. Tomorrowland munduko jaialdirik onena da, eta horrelako leku batean parte hartuko dudala jakite hutsak asko pozten nau. Finalean epaimahaiak DJ Mattiri puntu gehiago eman dizkio. Aurkaria teknikoki oso ona da eta arriskatu egin du, baina publikoak nire aldeko boto gehiago eman ditu, eta horrek nire alde jarri du txapelketa.
Finala egiteko garaian, zergatik aukeratu duzu paraje hau?
Txapelketara bidaltzeko bideoa Laranga auzoan grabatu genuen, lagun baten etxean. Eta antolatzaileek finaleko saioak hemen egiteko eskatu zidaten; antza denez, Mutriku asko gustatu zaie. Lagunaren etxean ezinezkoa zen finalerako saioa egitea, eta Arbetik antzeko ikuspegia dagoenez, bertan egiteko baimena eskatu dut.