Udako kultur eta kirol agenda osatu du Markina-Xemeingo Udalak
Herriko kirol eta kultur taldeekin elkarlanean prestatu ditu ekimenak. Herritarrei aisialdi eta kultur alternatibak eskaintzea da helburua.
Apirilaren 30ean Markina-Xemeingo Tokiko Gobernu Batzarrean onartu bezala, Karmen jairik ez da ospatuko aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Hala ere, zenbait ekintza egongo dira, unean uneko neurriak kontuan hartuta beti ere.
Markina-Xemeingo Udalak, Uhagon kulturgunearen eta herriko kirol eta kultur taldeekin elkarlanean prestatu ditu ekimenak. Azaldu dutenez, Zoom plataformaren bitartez egin ditu udalak herriko taldeekin bilerak. Baina, kultur eta kirol ekimenak ez dira uztailaren 3. astera mugatuko, Markina-Xemeingo egitaraua uztail eta abuztu osora luzatuko da.
Ekimenei dagokionez, uztailaren 15ean, esate baterako, COVID-19 pandemiaren lehen lerroan egon diren Markina-Xemeingo osasun etxeko beharginak eta San Roke nagusien egoitzakoak omendu nahi ditu udalak, eta ekimen bat egingo da udaletxean, bietako ordezkariei esker ona emateko. 14:30ean izango da ekimena, eta herritarrek zuzenean jarraitu ahalko dute udalaren Facebook orriaren bidez.
Uztailaren 16an ere egongo dira ekimenak. Txistularien kalejira, artisau eta sortzaileen azoka, Xemein abesbatzak abestutako meza, eta Zerutxu dantza taldeak ere dantzaldia eskainiko du herriko gune ezberdinetan, Goiko Portaletik hasita.
[UDAKO KULTUR ETA KIROL AGENDA]
Umeei begira, berriz, banderatxoak eta buruarinak egiteko tailerra emango du Sormen Lantegiak uztailaren 17an. Zehaztu dutenez, buruarinak egiteko tailerrean parte hartzeko udaletxean eman behar da izena, uztailaren 10a orduko, eta zein buruarin egin nahi den aukeratu. 5 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago tailerra.
Horrez gain, Leaktibairen eskutik, familientzako pista jolasa eta ginkana interaktiboa egingo dira uztailaren 19an herrian zehar. Parte hartzeko izena eman behar da, aldez aurretik, udaletxean, uztailaren 13tik 17ra.
Jolasez gain, bertso zein musikagaz gozatzeko aukera ere egongo da. Uztailaren 18an ailegatuko dira bertsolariak Uhagonera. Saioan, Etxahun Lekuek, Miren Amurizak, Aitor Bizkarrak eta Markina-Xemeingo Bertso Eskolako Josune Aramendik jardungo dute. Musikari dagokionez, berriz, musika euskal-mexikarra dakar uztailaren 16an Zelaira, Puro Relajo talde nafarrak. Bariku honetan, berriz, Haizea Martiartu, saxofoi-jotzaile markina-xemeindarrak gidatutako Hiru hirukoteak joko du Uhagonen.
Kirolzaleak ere gustura egoteko moduko kirol ikuskizun aukera oparoa ere badago. Alde batetik, Jai Alai Master Series zesta-punta txapelketa jokatuko da Uni pilotalekuan, eta bestetik, Masters CaixaBank esku pilota txapelketa. Lehiaketek punta-puntako puntistak eta pilotariak ekarriko dituzte Uni pilotalekura. Baterako zein besterako sarrerak salgai daude; udaletxeko Berton bulegoan eta telefonoz (688813775) eskuratu daitezke Master Series txapelketako sarrerak, eta Berton bulegoan, Hirurok tabernan eta Baikoren webgunean, eta egunean bertan frontoiko leihatilan ere salduko dira Masters Caixabank esku pilota txapelketakoak.
Uztailaren 19an, herri kirolak egongo dira Zelaian, eta Karmen Egunerako Bola Joko Txapelketa antolatzea erabaki du Markina-Xemeingo Hiru Txirlo (MX3T) Bola Joko Kirol Klubak. Karmen Eguneko hirugarren txapelketa izango da aurtengoa, baina, banaka barik kuadrilla artekoa izango da oraingoan.
[UDAKO KULTUR ETA KIROL AGENDA]
Neurri bereziak. Indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz egingo dira ekimen guztiak, eta hori bermatu ahal izateko, protokolo bat landu du udalak. Horren arabera, leku mugatuak egongo dira ekintzetan, eta kirol txapelketak ezik, beste ekitaldi guztiak doan izango diren arren, sarrerak aurretiaz jaso beharko dira udaletxe sarrerako Herritarren Kutxazainean. «Emanaldiak izango diren astean bertan jaso beharko dira sarrerak, eta pertsona bakoitzeko bi sarrera jaso ahalko dira gehienez», argitu du udalak.
Sarrera dutenek, emanaldia hasi baino 15 minutu lehenago joan beharko dute gainera, emanaldiaren tokira. «Sarreradun guztiak jartzen direnean, libre geratzen diren lekuak sarrerarik barik ilara egiten dauden pertsonekin beteko dira. Sarrera izanda berandu etortzen direnen lekuak beste norbaitek okupatu ahalko ditu».
Publikoak eserita egon beharko duela ere azpimarratu dute: «horretarako markatutako eremuan, segurtasun distantziak mantenduz eta arduradunen oharrak jarraituz». Eta maskara eraman beharko da. Bestalde, euria egingo balu, ekintzak Plazabarripera lekualdatuko dituzte.