‘Bertatik Bertara’ kanpaina, ikusarazteko eta kontzientziatzeko
Herri euskaldunen aberastasuna ikusarazteko eta herritarrak zein bisitariak kontzientziatzeko ‘Bertatik Bertara’ kanpaina egiten ari dira hainbat udalerritan, Uemagaz elkarlanean. Besteak beste, Amorotoko, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Ondarroako eta Ziortza-Bolibarko udalek bat egin dute kanpainagaz.
Bertatik bertara gozatzeko asko dagoelako, bertoko bazterrak ezagutzeko gonbitea egiteaz gain, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela azpimarratzen du Bertatik Bertara kanpainak. Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak leloagaz, ekainaren 19an martxan jarri zuten kanpaina zenbait udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateagaz (Uema) elkarlanean. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako 61 udal ari dira parte hartzen kanpainan, eta horietako bi dira Bermeokoa eta Eakoa.
Herritarrei eta bisitariei erakutsi gura diete udalerri euskaldunak zer nolako altxorrak diren, eta bide batez, tokian tokiko ekonomiari bultzada eman gura diete. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak esan duenez, kanpaina krisiari aurre egiteko eta sektorea suspertzeko udalek garatutako beste kanpaina batzuen osagarri da (erosketa bonuak eta abar): “Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita”.
Besteak beste, taberna, jatetxe, denda, ostatu eta oro har zerbitzu sektorerako prestatutako kartelak, mahai gainekoak eta gainerako materiala banatu dute. Maite Zarate Alvarez Bermeoko Udaleko euskara teknikariaren berbetan, “begi oso onez” ikusi zuten kanpainari euspena ematea eta herriko ostalarien artean zabaltzea. Turismo eta Euskara arloen artean koordinatu dute kanpaina Bermeon, eta 10.000 mahai gaineko banatu dituzte herriko hamalau ostalaritza establezimendutan. Horietan, hainbat hizkuntzatan oinarrizko hiztegia jaso dute. “Jatekoa eskaintzen duten ostalaritzako establezimentuei aukera eman diegu kanpainan parte hartzeko. Gura izan duenak parte hartu du. Kanpainan parte hartzea erabaki da Euskal Herrian euskaraz bizi garen herrian gaudelako. Hori da transmititu nahi den mezua. Bertokoa erakutsi eta bertokoagaz bat egiteko gonbita da. Kanpainaren leloak dioen moduan, herri euskaldunetan arnasa euskaraz hartzen delako”.
Azpimarratu du ez dela bakarrik euskara sustatzeko kanpaina bat, arlo sozioekonomikoagaz zerikusia dauka eta. Balioan jarri gura da herri euskaldunetan dagoen altxorra, produktuak. “Beste alde batetik, hain kolpe handia jaso duen ostalaritzari beste baliabide batzuk ematea ere bada. Eurek bat egitea euskara erabiltzeak dakarren plus horregaz”.
“Euskaraz bizi izateko nahia partekatu gura dugu bisitariekin”
Beraz, bisitariei eskaintzen zaizkien zerbitzuen artean, bertoko produktuak daude, bertokoa dena: “Hizkuntza eskaintzean, gure errealitatea, herri euskaldunotako errealitatea nolabait erakusten da. Herri euskaldunetan euskaraz bizi izateko nahia partekatu gura dugu bisitariekin”.
Ekonomia suspertzeko. Bertoko ekonomiari bultzada eman gura zaio, eta zentzu horretan, BermeOn bonuen kanpaina abiatu zuten, eta horregaz bat eginez, bi kanpainak elkarregaz jarri zituzten martxan ekainaren 22an. “Azken batean, esan modura, ez da bakarrik hizkuntza sustatzea, herri euskaldunetako garapen ekonomikoagaz bat egin gura izan da”. Turismo eragileek zerbitzua euskaraz ematea garrantzitsua dela azpimarratu du Bermeoko Udaleko euskara teknikariak: “Eurak ere animatzen ditugu euskaraz zerbitzuak eskaintzeak ekartzen duen onura eta plus edo kontu gehigarri hori eskaintzera bisitariei”.
Ondarroan sei ostalaritza establezimendu atxikitu dira kanpainara. Ondarroako merkataritzaren egoera, orain etorri den krisiaren aurretik ere “bultzada askoren beharrean” zegoela pentsatzen zuten udal ordezkariek, baita turismoari dagokionez ere. “Merkataritza bultzatzeko eta berpizteko sektore interesgarria izan daiteke, eta herriak jaso lezakeen onura ikusita, turismoaren aldekoak bagara”, dio Arantza Atxurra Aranguren Ondarroako Udaleko Euskara zinegotziak.
Inguruko herrietan zelako turismo ereduak bultzatzen diren ikusita, baina, kezka ere badaukatela dio, eta turismo eredu aldetik, Bertatik Bertara kanpainak guztiz bat egiten duela euren helburuekin: “Guk bat egiten dugu guztiz barne turismoagaz. Zelakoak garen erakutsi nahi dugu. Turismoa bai, baina batez ere euskaldun izaera erakutsi nahi dugu, geu garena”. Euskalduntasuna “erakartzeko gauza bat” izatea nahi dute, eta ez ezkutatu beharra edukitzea jendea etor dadin.
Orain dela pare bat aste herrian kartelak zabaldu eta ostalaritza establezimentuetan mahai gainekoak banatu zituzten. “Komertzioekin berbetan egon gara kanpainaren berri emateko, eta Uematik formakuntza ere eskaini zuten bat egin duten komertzioentzat, pixka bat kontzientziatzeko zelan guk kanpotarrei ez daukagula zertan beste hizkuntza batean egin, eta erakutsi egin behar dugula gu zelakoak garen, ez pasatzeko erdarara, eta kanpotarrei ere euskaraz egiteko eta halakoak lantzeko formakuntza saio batzuk egon ziren”, azaldu du Atxurrak.
Horrez gain, Ondarroako merkatariak eta ostalariak batzen dituen Zatozte elkartekoekin berba egin zuten. “Orokorrean, herriko komertzio guztiei informazioa ailegatu zaie behintzat”. Ondarroan kanpaina begi onez hartu dutela uste du.
“Barne turismoagaz bat egiten dugu; zelakoak garen erakutsi nahi dugu”
Iñaki Arin Baztarrika Mutrikuko Arbe Hoteleko arduradunak dioenez, lehen unetik prestatu ziren kanpainan parte hartzera, eta kanpaina garrantzitsua dela deritzo: “Nire ama hizkuntza euskara da, eta lehen hitza euskaraz egiten dut. Euskararen aldeko edozein gauzagaz parte hartzeko prest egoten gara, eta kanpaina hau egitea ondo iruditzen zitzaidan”.
Bezeroak euskarara hurbiltzeko saiakera egiten dute: “Hotelera datozenei lehenengo hitza euskaraz egiten diegu. Hizkuntza desberdinetan dagoen 8-10 orriko txostena jendeari erakusten diogu. Hor ikusten dute hitz bakoitza nola esaten den euskaraz, eta arrakasta dauka. Horrelako gauza bat oso beharrezkoa da, konturatu daitezen ez daudela Espainian, hau Euskal Herria dela eta hemen hizkuntza eta kultura propioa daukagula. Eta bai, konturatzen dira. Euskal Herrian gaude, eta zer gutxiago Euskal Herrian gaudela adieraztea baino”.
Udagoieneko ekimenak. Udazkenetik aurrera udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da kanpaina, udaletatik tokian tokiko produktuak eta ekonomia sozial eraldatzailea nola lagundu daitezkeen hausnartzeko eta lanerako ildo berriak abiarazteko.