Bizkaiko suhiltzaileek herritarrekin ospatuko dute 50. urteurrena, irailetik aurrera
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak aurten 50 urte betetzen dituela eta, irailetik aurrera, herriz herri suteen aurkako segurtasunaren eta herritarren autobabesaren printzipioak modu ludiko baina didaktikoan zabaltzeko ekimena abiaraziko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak aurten 50. urte betetzen dituela eta, urteurrena Bizkaiko herritarrekin batera ospatuko dutela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, irailetik aurrera, lurraldeko udalerrietan barrena ibiliko dira suhiltzaileak, beren beregi diseinatutako eta hornitutako instalazioagaz.
Besteak beste, suteen aurkako segurtasunaren eta herritarren autobabesaren printzipioak modu ludiko baina didaktikoan zabaltzeko aukera eskainiko du suhiltzaileek herriz herri eramango duten intalazio horrek. “Bereziki haur eta gazteei zuzenduta egongo da”. Herriz herriko datak eta urteurrena ospatzeko aurreikusitako beste jarduera batzuen egutegia iraileko egoera ikusi eta gero zehaztuko dituztela esan dute. Modu batera edo bestera, baina, segurtasun neurri guztiak beteko direla azpimarratu dute.
Urteurrenaren harira, Unai Rementeriak Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Uriosteko Suhiltzaileen Parkea bisitatu zuen joan den astean. Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langile guztiak zoriontzeaz gain, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko egindako lana aitortu zien. “Krisi honek zerbait erakutsi badu, inoiz huts egiten ez duten gauzak daudela izan da: gertatzen dena gertatzen dela ere, pertsona batzuk hortxe zaudete beti. Lasaitasuna eman eta segurtasuna transmititzen duzue. Profesionaltasunez, patxadaz, ordenaz eta eraginkortasunez. Eta beti Bizkaiaren zerbitzura”.
Hastapenak. Udalek suteak itzaltzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoez hornitzeko zailtasunak zituztenela eta, Bizkaiko Foru Aldundia suhiltzaileen lehen parkeak martxan jartzeko azpiegitura materiala eta giza azpiegitura eratzeko beharrezko izapideak eta azterlanak egiten hasi zen.
1970ean ireki ziren Gernika-Lumoko, Durangoko eta Trapagarango lehen suhiltzaile parkeak. Parke bakoitzean 50 suhiltzaile, bi sarjentu eta zerbitzuburu bat zeuden egun bakoitzeko bi txandatan banatuta. Bizkaiko suhiltzaileen lehen esku hartze ofiziala jasotzen duen akta urte horretako urriaren 30etik azaroaren 5era bitartekoa da. Ez da deskribatzen zer ezbehar mota gertatu zen, ezta data zehatza ere. Lehen zerbitzu hori Trapagarango parkeko langileen eman zuten, Santurtzin gertatutako istripu bat artatzeko.
Lau urte geroago, 1974an, Basauriko, Getxoko eta Zallako parkeak zabaldu ziren; bakoitzean 54 suhiltzaile zeuden, eta baliabide tekniko berriak zituzten. 1985ean, Markina-Xemeingo parkea zabaldu zen, eta urtebete geroago Mungiakoa. Gerora, suhiltzaile profesionalen sareari suhiltzaile boluntarioen sarea gehitu zitzaion Lekeition, Urduñan, Karrantzan eta, azkenik, Otxandion, 1993an. “Parke sare hori Bizkaiko edozein udalerritara gehienez ere 20 minututan heltzeko printzipioari jarraituz sortu zen”.
90eko hamarkadan, aldundiak proposatu zuen lehendik zeuden instalazioak komunikazio bide berrietara egokitzea eta lekualdatzea. Hala, zenbait suhiltzaile etxe autobideen parera lekualdatu ziren: Trapagarango parke zaharrak Uriosteko (Ortuella) instalazio zentrala sortu zuen, eta Getxoko parkea gaur egun Artazan (Leioa) dagoen kokalekura lekualdatu zen 1997an.
Komunikazio Zentroa 1994an sortu zen Urioste parkean, eta bertan zentralizatu ziren Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak egin beharreko jarduera guztien informazioa eta koordinazioa.
Baliabide materialei dagokienez, gaur egun 94 ibilgailuk eta 4 atoik osatzen dute ibilgailu flota. “Aurten, flotaren %25 inguru berrituko da, aurreko udan erositako azken belaunaldiko 20 ibilgailu berri iritsi baitira”
Gaur egun, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua lurraldeko eskualde guztietan banatuta dauden zortzi suhiltzaile parke profesionalek osatzen dute: Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Gernika, Balmaseda (Zallan), Markina-Xemein eta Derio. Horiez gain, Lanestosa, Urduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandioko Babes Zibileko Boluntariotza Elkarteek laguntza ematen diete, Ispasterren dagoen prestakuntza eremuagaz batera.
2019ko urtarrilean, aldundiak larrialdiak kudeatzeko Bizkaiko zentro integrala (Bizkaia Prest) jarri zuen martxan. “Zentro hori komunikazioen arloko azken aurrerapen teknologikoekin dago hornituta, eta foru mailan larrialdien arloko abisuen sarrera bakarra da. Horretan erantzuna koordinatzen da, eta aldundiaren baliabide guztiak (giza baliabideak eta baliabide materialak) mobilizatzen dira erantzun eraginkorra emateko”. Zentro horrek 24 orduetan eskaintzen du zerbitzua.
Baliabideak. Giza baliabideei dagokienez, gaur egun Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 434 langile ditu. Baliabide materialei dagokienez, gaur egun 94 ibilgailuk eta 4 atoik osatzen dute ibilgailu flota. “Aurten, flotaren %25 inguru berrituko da, aurreko udan erositako azken belaunaldiko 20 ibilgailu berri iritsi baitira: hiriko sei autobonba astun, hiru autobonba inude astun, hiru lanabes furgoi, hiru autoeskailera automatiko eta lur orotako bost ibilgailu. Zehaztu dutenez, horiek guztiak Bizkaiko suhiltzaile etxe desberdinetarako izango dira.