'Egunean behin' lehiaketaren azken saioa egingo dute Aulestin
Konfinamendua hasi zenenean, herriko Euskaraldiko taldeak eta kultura batzordeak sustatuta, herriko taldea osatu eta astero lehiaketa egiten hasi ziren. Orain, ekimenari amaiera emango diote.
Aulestiko herritar batzuk Egunean behin lehiaketan parte hartzen aritu dira konfinamenduak iraun duen denboran. Barikuan [uztailak 10], baina, lehiaketagaz amaitzeko azken saioa egingo dute, 19:00etan, plazan. Eta horretan nahi duten herritar guztiek parte hartu ahalko dutela esan dute. «Nahiz eta konfinamenduan ekimenean ez parte hartu, gaurko saioan bai parte hartu ahal dute».
Konfinamendua hasi zenenean, herriko Euskaraldiko taldeak eta kultura batzordeak sustatuta, herriko taldea osatu eta astero lehiaketa egiten hasi ziren. Guztira, konfinamenduak iraun duen bitartean 70 herritar inguru aritu dira astero lehiaketan parte hartzen.
Parte hartzeaz gain, herritarrek sariak irabazteko aukera ere eduki dute. Izan ere, astero bi sari banatzen zituzten: asteko irabazleari sari bat ematen zioten, eta beste saria parte hartzaile guztien artean zozketa eginda ematen zuten. Sariak herriko elkarteek lotzen zituzten.
Barikuko [uztailak 10] saioan zuzeneko partida bat egingo dutela esan dute. «Aplikazio baten bidez, galderak plazan ipiniko dugun pantailan proiektatuko ditugu, eta herritarrek euren mugikorretatik erantzunak eman ahalko dituzte». Parte hartzaile guztiei mugikorra bateriaz ondo kargatuta eramateko gogorarazi diete.
Orain arte egin modura, gaurko saioan ere sariak banatuko dituzte. Zehaztu dutenez hiru sari banatuko dituzte: lehenengo saria partida irabazten duenak jasoko du, bigarrena denboraldiko irabazleak, eta, azkenik, ekimenean parte hartu duten guztien artean zozketa eginda emango dute hirugarren saria.
Euskaraldiko taldeko eta kultura batzordeko kideek ekimenean parte hartzera animatu dituzte herritarrak.