ETE eta KAE 2 ligetako bertoko taldeek denboraldiko lehen estropadak lehiatuko dituzte
Pasaian lehiatuko dute 1. jardunaldia, zapatuan [uztailak 11]. Emakumezkoen ETE Ligan Isuntza eta Ondarroa daude, eta gizonezkoen KAE 2 Ligan Mutriku.
Emakumezkoen ETE Liga eta gizonezkoen KAE 1 eta 2 Ligak zapatuan [uztailak 11] hasiko dira. Pasaian lehiatuko dituzte denboraldi honetako lehen estropadak. ETE Ligan daude Isuntza AE eta Ondarroa. Horiekin batera, honako beste zazpi taldeak ariko dira aurtengo denboraldian: Deusto, Lutxana, San Juan, Hibaika, Tolosaldea, Zumaia eta Lapurdi.
Horiek guztiek, I. Tolosaldeko Ikurrina lehiatuko dute, 18:15ean hasita. Hiru luzeko erlojupeko estropada egingo dute.
Bestalde, KAE 2 Ligan hamalau talde daude denboraldi honetan, tartean Mutriku AT. Horiek XIV. Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera lehiatuko dute, 17:00etatik aurrera.
Bederatzi bandera. Bi hilabete hauetan bederatzi bandera jokatuko dituzte ETE eta KAE 1 eta 2 ligetako taldeek. Horietatik azken abuztuaren 29an eta 30ean lehiatuko dute Kantabriako Castro Urdiales herrian. Ondoren, irailaren 19an eta 20an Bermeon eta Portugaleten lehiatuko dituzte play-off-ak.
TKEkoak, Donostian eta Zierbenan. Bestalde, aurreko asteburuan Galizian denboraldia hasi ostean, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako taldeak Gipuzkoan eta Bizkaian ariko dira asteburuan.
Lekittarrak eta Ondarroak VIII. CaixaBank Bandera lehiatuko dute zapatuan [uztailak 11], 18:00etatik aurrera, Donostian. Domekan, berriz, Zierbenan lehiatuko dute 37. Petronor Bandera, 12:00etan hasita.