Everesteko euskal espedizioa gogoratu dute
Kalamuan izan zuten lehen hitzordua, eta Arraten jarraitu zuten ekitaldiak oroigarri banaketagaz. Etxebarrian bizi zen euskal espedizioko kide izan zen Emilio Hernandoren senideek hartu zuten oroigarri bat.
Everesten gailurra egin zuen lehen euskal espedizioa gogoratu zuten joan den domekan [uztailak 5]. Gu ere bai! euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekimenak antolatuta, orain dela 40 urte egin zuten modura, omenaldia egin zieten espedizio hartako kideei.
Kalamuan izan zuten lehen hitzordua, eta Arraten jarraitu zuten ekitaldiak oroigarri banaketagaz. Eguraldi ederra lagun, lagun taldea batu zen ekitaldian, tartean Etxebarrian bizi zen 1980ko euskal espedizioko kide izan zen Emilio Hernandoren senideak. Eurei eman zieten oroigarrietako bat, maiatzaren 16an eta 17an Euskal Herriko mendietan ateratako ia 300 mendizaleen argazkiekin Pasang Tembaren irudia irudikatzen duen mosaikoa. Emilio Hernando espedizio hartako gazteena izan zela gogoratu zuen Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai-ko kideak. “Ekintzaile bat izan zen”, azpimarratu zuen bere bizitza oroituz, eta Everesteko espedizioko argazki eta jantziak Etxebarriko Antsotegi hotelean daudela azaldu zuen: “museo txiki bat da”.
Bestalde, Martin Zabaleta eta Felipe Uriartegaz berbetan egon zela ere jakitera eman zuen Gaztelumendik: “Guztiek errepikatzen dutena da denen lorpena izan zela, eta, batez ere, Euskal Herriarena”.
Markina-Xemeingo bizilaguna den Mikel Urkia Zuloagak ere jaso zuen oroigarria, berak ataratako argazkiaren bidez ekimena piztu izanagatik, eta Antton Iturriza kazetari eta mendizalea eta EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoko idazkariak eta Txumai Iturria Euskal selekzioaren aldeko mendi martxaren antolatzaileak jaso zituzten beste biak. “20 urtez jarraian mendi martxa antolatu ondoren pandemiaren bertan behera utzi behar izan dugu martxa, baina 2021ean denok zaudete deituta euskal selekzioagaz bat eginez martxa egitera”, gonbidatu zuen.
Ekitaldiari amaiera emateko argazkia atera zuten guztiak batera.