Jazz doinuak Uhagonen, Haizea Martiartuk gidatutako hirukotearen eskutik
Hiru izeneko jazz hirukoteak kontzertua eskainiko du zapatuan [uztailak 11], 20:00etan Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko terrazan.
Haizea Martiartu Garcia markina-xemeindarrak gidatutako Hiru izeneko jazz hirukoteak kontzertua eskainiko du zapatuan [uztailak 11], 20:00etan Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko terrazan. Saxofoi-jotzaile bat, kontrabaxu-jotzaile bat eta bateria jotzaile batek osatzen dute Hiru. Hirukote horretako kideak ESMACen elkartu ziren orain dela urte batzuk, eta hor hasi zuten proiektua.
Tresna harmonikorik ez eranstea nahita egin zuten, soinu-bide berriak bilatzeko hutsune eta, aldi berean, askatasunaz baliatu nahi baitzuten. Jazz eta pop errepertorioaren eta konposizio propioen artean mugitzen dira. Horiek guztiak formatu txiki horretara mugatuta daude, eta musikari bakoitzaren nortasuna are gehiago nabarmentzen da. Eta hori guztiori eskainiko diote zapatuko publikoari.
Sarrerak. Kulturgunekoek jakitera eman dutenez, lekuak mugatuta egongo dira, eta beraz, emanaldia doan bada ere, sarrerak eskuratu behar dira, aldez aurretik, udaletxeko harrerako kutxazain automatikoan. “Pertsona bakoitzak, bere NAN zenbakiagaz, 2 sarrera hartu ahalko ditu gehienez, eta ez badira sarrera guztiak aurrez saltzen, emanaldiaren egunean ere egongo dira eskuragarri, edukiera bete arte”, argitu dute.
Euria eginez gero, kontzertua Plazabarripera lekualdatuko dute. Lekua gordetzeko 15 minutu aurretik Kontzertuaren lekuan egotea eskatu dute: “Lehenengo sarrera daukatenak eseriko dira, eta, ondoren, lekua balego, sarrerarik ez dutenak”. Maskara eraman behar da.
Bestalde, Uhagon kulturgunekoak gogora ekarri dutenez, aurten bertan behera geratu da uztaileko jazz jaialdia. “Ez ekonomikoki ez teknikoki bideragarria zen ez geneukan argi, eta behar bezala ez egiteko datorren urtera atzeratzea hobe zela pentsatu genuen”, azaldu dute. Aurtengo urterako adostuta zeukaten hiru taldeak datorren urtean etorriko direla aurreratu dute.