Lea-Artibai eta Mutrikuko 24.227 herritar daude botoa ematera deituta
Herritarrek maskaragaz joan beharko dute botoa ematera. Identifikatzeko garaian, mahaietako kideek ezingo dute boto emaileen nortasun agiria eskuetan hartu. Segurtasun neurriak direla eta, Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak esan du emaitzak ordu erdi inguru atzeratu daitezkeela.
Egoera berezian datoz domekako [uztailak 12] Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozkalekuetara botoa ematera doazenek osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte. Lea-Artibain eta Mutrikun 24.227 herritar botoa ematera deituta.
Betebeharreko zenbait neurri egongo dira domekan. Hala, herritarrek ezin izango dute botorik eman maskara jantzi barik; ahaztu zaien herritarrentzako maskarak jarriko dituztela azaldu dute Segurtasun Sailekoek. Gainera, tartea zaindu beharko da, eta eskuak garbitu beharko dira; horretarako, sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoak jarriko dituzte. Horrez gain, botoa etxetik prestatuta eroatea gomendatu dute.
Mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetako sarbideak ere kontrolatuko dituzte, jende pilaketak egon ez daitezen, eta seinaleen bidez adieraziko dituzte ibilbideak.
Mahaiko kideentzako materiala ere banatu dute. Kaxa bakoitzean, maskara kirurgikoak, gel hidroalkoholikoa, botoa kontatzeko orduan erabili beharreko FFP2 maskarak eta eskularruak egongo dira.
Botoak eskularruak jantzita kontatu beharko dituztenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak esan du emaitzak ordu erdi inguru atzeratu daitezkeela.
41 hautesleku gehiago. Domekako hauteskundeetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira, 761 guztira; 27 gehiago Bizkaian, 6 berri Araban eta 8 Gipuzkoan. Hauteslekuetan aldaketak egin behar izan direnez, Segurtasuneko sailburuak herritarrei gomendatu die arretaz irakurtzeko EINek etxera bidalitako errolda txartela, bertan jartzen duelako hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman beharko duen botoa.
Hautes mahaietako aldaketak, Lekeition eta Ondarroan. Lekeition aldaketak daude, hautes mahaiak Larrotegi auzoan dauden Eskola publikora eta Iturriotz institutura lekuz aldatuko dituzte aurten. «Sarrera eskolako patiotik izango da, eta bertan argi zehaztuko da bakoitzak non bozkatu behar duen», argitu du Lekeitioko Udalak. Zenbait ondarrutarrek ere hautes-mahai desberdinetara jo beharko dute domekan. Azken hauteskundeetan Udal Erregistro Orokorrean egon ziren mahaiak (lehenago Kalapitxin zeudenak), Bixikaneko lokalera lekualdatu dituzte. Eta Alkoholiko Anonimoen lokalean botoa eman zutenek Zubi Zahar herri ikastolan egin beharko dute.
«Hauteskunde mahaien arteko eta hauteskunde mahai bakoitzeko langileen arteko distantziak bermatzeko, udalek eta Estatistikako Institutu Nazionalak une eta leku batzuetan jendea pilatzea eragozteko alternatibak aurkitzeko ahalegina egin dute», azaldu du Beltran de Herediak.
125.255 posta bidezko boto. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan erroldatuta dauden %7,3k eskatu du posta bidezko botoa. Nabarmen igo da posta bidezko botoen eskaera, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-
ekin alderatuta. Orduan, 52.365 eskaera egon ziren.
Botoa ematera dauden herritar kopurua:
- Amoroto: 333 herritar.
- Aulesti: 521 herritar.
- Berriatua: 843 herritar.
- Etxebarria: 587 herritar.
- Gizaburuaga: 147 herritar.
- Ispaster: 544 herritar.
- Lekeitio: 5.729 herritar.
- Markina-Xemein: 3.620 herritar.
- Mendexa: 345 herritar.
- Munitibar: 394 herritar.
- Mutriku: 4.054 herritar.
- Ondarroa: 6.775 herritar.
- Ziortza Bolibar: 335 herritar.