Maskarak eta plastikozko eskularruak errefuxaren edukiontzira bota behar direla gogorarazi dute
Azken urteetan, uztailean eta abuztuan gaikako bilketaren datuak jaitsi egin izan direla esan du Debabarreneko Mankomunitateak. "Herritarrei eskatzen diegu udako hilabete hauetan ere ohitura on horiekin jarraitzeko".
Hondartza eta ibaien inguruak garbi mantentzeko eskatu du Debabarreneko Mankomunitateak. “Udan asko bisitatzen diren guneak dira, eta, batzuetan ez dira hondakinak behar bezala bereizten”. Horrez gain, orain asko erabiltzen diren maskarekin eta plastikozko eskularruekin “kontu handiz” ibiltzeko eskatu dute. “Horiek errefusaren edukiontzi grisean utzi behar dira, ez dira birziklagarriak eta”.
Birziklatzen jarraitzeko eskaera. Oro har, udako hilabeteetan gaikako bilketa datuak jaitsi egiten direla esan dute. 2019ko uztailean, esaterako, gaika bildutako hondakinak %51,6 izan zirela esan dute, eta abuztuan %47,86. Datu horiek urteko bataz bestekoaren (%54,02) azpitik zeudela esan dute. “Aurtengo uda ezohikoa izango bada ere, eskualdeko herritarrak birziklatzen jarraitzera animatu nahi ditugu”. Gaineratu dute, herritar bakoitzak hondakinak bereizteko egiten dituen keinu txikiek gaikako bilketan datuak hobetzeko balio dute.
Nabarmendu dute Debabarrenean gero eta pertsona gehiagok laguntzen dutela ingurumen hobetzen eta birziklatzen. “Herritarrei eskatzen diegu udako hilabete hauetan ere ohitura on horiekin jarraitzeko”.