'Miñan' liburua landuko dute Etxebarriko Irakurketa Txokoan
Idazleagaz solasaldia antolatu du Euskara Batzordeak. Liburua herriko liburutegian eskatu ahal dute irakurri nahi dutenek.
Amets Arzallus Antiak eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan liburua landuko dute uztailaren 17an Etxebarriko Irakurketa Txokoan. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hori, hark ahoz azaldu eta Amets Arzallusek letraz idatzia.
Liburuaren nondik norakoak xehetasunez ezagutzeko, gainera, Amets Arzallus bera gonbidatu du txokora herriko Euskara Batzordeak. Idazleagaz solasean aritzeko aukera egongo da, beraz, 18:30ean, kultur aretoan. Urtzi Uriarte Etxebarriko Euskara teknikariak azaldu duenez, orain dela bi aste, pandemiaren geldialdiaren ondoren, batu zen berriro Euskara Batzordea eta uztaila aurretik txokoagaz jarraitzea erabaki zuten. “Ez da egongo denbora askorik liburua irakurtzeko. Hala ere, solasaldira etortzeko gonbita luzatu nahi diegu liburua irakurri dutenei eta irakurri ez dutenei ere bai”, azpimarratu du.
Ohi modura, liburuak eskatu dituzte herriko liburutegiaren bidez, eta nahi duenak bertan edukiko ditu eskura, irakurtzeko.
Uztailaren 17koa aurtengo bigarren hitzordua izango da Etxebarriko irakurzaleentzako. Miren Amurizaren Basa irakurri eta urtarrilaren 24an batu ziren idazleagaz. Uda ostean jarraituko dute txokoagaz. “Beste bat egingo dugu gutxienez”.