Idurre Bideguren: "EH Bildu prest dago dauzkagun arazoei erantzuteko eta erronka berriei ekiteko"
Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak eta Ikoitz Arrese EH Bilduren Bizkaiko zerrendakideak EH Bilduren aldeko botoa eskatu dute Ondarroako Itsasaurren egindako ekitaldi politikoan.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako azken txanpan sartuta, Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak eta Ikoitz Arrese EH Bilduko Bizkaiko zerrendakideak mitina eman zuten eguenean [uztailak 9] Ondarroan. Domekan [uztailak 12] bozkatzera joateko deia egin zuten biek Itsasaurre plazan batu ziren herritarren aurrean. Bidegurenek hartu zuen lehendabizi hitza, eta EH Bildun baikortasuna nagusi dela azpimarratu bazuen ere, pandemiak eragindako kezkak hor jarraitzen duela esan zuen.
Batez ere, Goierrin agertu diren kasuez oso kezkatuta daudela esan zuen. Izan ere, birusaren birsorkuntza tasa 1,80 da. “Krisi sanitario baten erdian deitu ditu lehendakariak hauteskundeak. Hauteskundeak dira argi eta garbi bere lehentasuna; bai Zaldibarko hondamendia gertatu zenean, eta baita pandemiaren arazoaren aurrean ere. Hala eta guztiz ere, EH Bildu prest dago dauzkagun arazoei erantzuteko eta erronka berriei ekiteko. Momentu hau giltzarria da, eta hauteskunde hauetan gure herriaren norabidea dago jokoan. Etorkizunerako herri eredua aukeratuko da”.
Senatariak gogora ekarri zuenez, pandemiak “hankaz gora” jarri du gizartea. “Inoiz ikusi ez dugun moduko osasun krisi eta krisi sozio-ekonomiko baten aurrean gaude”. Are gehiago, krisiak lehendik zeuden ahultasunak eta egiturazko arazoak azaleratu eta begien aurrean jarri dituela nabarmendu zuen. Pandemiak “benetako lehentasunak” bistaratu dituela ere agertu zuen, zaintzaren garrantzia mahai gainean jarriz. “Zerbitzu publiko indartsuak edukitzearen garrantzia argi geratu da. Koronabirusaren aurrean langileak, lekua eta babes neurriak falta izan dira. Ez gara egon prestatuta, eta ezin da onartu osasun sistema onena daukagula pentsatzea, langileen ia %20 euren lana egitearren gaixotzen denean”. Ildo horretatik, zerbitzu publikoak indartzeko eta zaintza sistema indartsua sortzeko unea dela azpimarratu zuen.
Bidegurenek gaineratu zuenez, Bizkaian seigarren legebiltzarkidea jokoan egon daiteke domekan. “Ikoitz Arrese legebiltzarkidea izatea boto gutxi batzuen menpe egon daiteke”. Ikoitz Arresek, bere aldetik, hauteskundeetan gobernuan nor egongo den baino, herriak zer norabide hartuko duen erabakiko dela gogorarazi zuen. “Bi aukera posible daude jokoan: orain arte funtzionatu ez duen eta erabat agortuta dagoen sistema beragaz jarraitzea edo herri hau zutik jarri, jaiki eta martxan jartzea”.
Promesetatik haratago, EH Bilduk konpromisoak dituela nabarmendu zuen Arresek, besteak beste, osasun publikoa indartzeko konpromisoa, adineko zentroak eta zaintzaileak zaindu eta kontrol publikoa bermatzea, larrialdi klimatikoari aurre egiteko CO2 isuria murriztea eta justiziaren alde jardutea. “Horiek dira uztailaren 12tik aurrera Maddalen Iriarteren konpromisoak eta gu guztionak. Hauteskunde hauetan herri honentzako bi norabide hautatuko dira: eurek deitzen duten “normaltasun berriarekin” jarraitu, normaltasun berria baino, iraganeko ereduarekin jarraitzea dena, edo herri gisa ditugun erronkei denon artean erantzutea. Eta horretarako aukera bakarra EH Bildu da”.