Abuztuaren 8an hasiko da Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa
Mutrikuarrek pisu handiko kategorietan parte hartuko dutela iragarri dute. 680 kiloko eta 640 kiloko txapelketan parte hartuko dutela baieztatu badute ere, 600 kiloko lehian parte hartzeko "zalantzan" daudela diote.
Koronabirusaren osasun krisiak 2020ko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa kolokan laga ondoren, txapelketak, azkenean, badauka egutegia. “Txapelketa bertan behera geratu zen hasiera batean, baina azkenean egitea erabaki dugu”. Euskadiko Herri Kirol Federazioak jakitera eman duenez, lehia abuztuaren 8an hasiko dute Getxon, Fadura kiroldegiaren atzeko lursailean. Parte hartzaileen artean Mutriku Sokatira Taldeak parte hartuko duela baieztatu du.
Mutriku Sokatira Taldea aurten ere Sebastian Gurrutxaga Loreto entrenatzailearen esanetara ariko dira, eta denboraldi berriari begira pisu handiko txapelketetan ariko direla iragarri dute mutrikuarrek. 680 kiloko eta 640 kiloko txapelketan parte hartuko dute, eta 600 kiloko lehian parte hartzeko “zalantzan” daudela azaldu dute. “600 kilokoan aritzeko asmoa dugu; pisuan sartzen bagara parte hartzea da gure asmoa”. Taldeak txapelketa ona egiteko asmoa du. “Konfinamenduan bateren batek pisua irabazi badu ere, sasoiko gaudela esango nuke. Eskuak oraindik ere makal ditugu, baina hori geldik egotearen ondorioa da”.
680 kiloko txapelketa abuztuaren 8an erabakiko da, eta lauzpabost taldek parte hartuko dute; Mutriku, Getxo, Goiherri eta Akelarrek parte hartzea baieztatu dute; Gaztedik oraindik ez dute ezer baieztatu. 640 kiloko kategoria, berriz, abuztuaren 15ean erabakiko da. Mutriku, Getxo, Goiherri A eta Akelarrek parte hartuko dutela baieztatu dute, eta Goiherri B eta Gaztedi zalantzan daude oraindik. 600 kiloko kategoria, azkenik, abuztuaren 29an jokatuko da. Getxo, Goiherri A, Akelarre eta Gaztedik parte hartuko dutela jakitera eman dute. Mutrikuk eta Goiherri Bk ez dute parte hartzea baieztatu. Txapelketa irailaren 5ean amaituko da, 560 kategoriako lehiarekin.
Txapelketari dagokionez, inoiz baino beranduago hasteaz gain, aurten ezohiko eran jokatu behar dute, COVID-19ak baldintzatuta. Hain zuzen ere, motzagoa izango da: hiru jardunalditara jokatu ordez, jardunaldi bakarrean erabakiko da txapelketa kategoria bakoitzean. “Ohi modura, denok denon aurka ariko gara; puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du txapelketa. Berdinketaren bat suertatuz gero, bertan momentuan jokatuko litzateke berdinketa haustea”.
Berritasun modura, gainera, jardunaldi guztiak Getxon jokatuko dituzte. “Araudi berriaren arabera, eremu zarratu batean jokatu behar da txapelketa jende kopurua zaintzeko”. Eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, jardunaldi guztiak 17:00etan hasiko dira, abuztuaren 15ekoa izan ezik. “Abuztuaren 15eko jardunaldia 11:30ean hasiko da”.