Mutrikuko eta Ondarroako herriko tabernen arteko topaketak antolatu dituzte
Bi herriko tabernen arteko lehenengo topaketa zapatuan egingo dute Mutrikun. Egun osoko egitaraua antolatu dute: mahai ingurua, hormairudiaren margoketa, giza katea, kantu poteoa, bazkaria eta kantaldia egingo dituzte, besteak beste.
Apirilean Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia (35/02 sumarioko epaia) gauzatzen hasi zen, haien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanda. Sumario horren barruan Mutrikuko Zubixa eta Ondarroako Uxola elkartea daude, eta epailearen aginduz “ezker abertzalean guneen ondasunak bahitzeko arriskua” dagoela ohartarazteko eta bi elkarteei babesa emateko topaketak antolatu dituzte. Lehenengo topaketa zapatuan [uztailak 18] egingo dute Mutrikun. “Aurrerago beste topaketa bat egiteko asmoa dugu Ondarroan”.
Sententzia ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako “lapurreta” dela azpimarratu dute Mutrikuko eta Ondarroako Ernaiko kideek. “Edozein momentutan etorri daitezke herritik eta herriarentzat sortu ditugun guneak ixtera. Zubixa eta Txokoa ezker abertzaleko komunitatearen guneak dira, baina, horrez gain, kultur ekimenarako, eztabaidarako, militantzia politikorako edo herri dinamiketarako guneak dira. Hori da, hain zuzen ere, Espainiako Estatuak desagerrarazi nahi duena”.
Mutrikuko eta Ondarroako Ernaiko kideen ekimenez, egun osoko egitaraua antolatu dute Herrikoak herriarenak dinamikaren barruan. “Injustizia hau salatu, eta gureak diren gune hauek defendatzeko uztailaren 18an egun osoko egitaraua antolatuko dugu. Gune horiek herriarenak izaten jarraitu behar dutela aldarrikatuko dugu Mutrikun. Anima zaitezte egun honen parte izatera”.
Goizean Zubixan batu, eta ondoren, mahai ingurua egingo dute herriko tabernen bilakaera ardatz hartuta. Hala nola, herriko tabernen egoera zelan dagoen eta aurrera begira lokalak zelan kudeatu daitezkeen aztertuko dute. Eguerdian, berriz, Kaiko bidegurutzean egin duten horma irudia inauguratuko dute, eta jarraian, giza katea eta kantu poteoa ere egingo dituzte. Herri bazkaria egin beharrean, ogitarteko jana antolatu dute, “segurtasun distantziak mantentzeko asmoarekin”. Eguna Andoni Oilokiegiren kantaldiarekin amaitu dute.
Ondarroako kideek jakitera eman dutenez Mutrikura “batera joateko” izena emateko zerrendak ipiniko dituzte Kulixkan eta Anaitasunan. “Batzen den jendearen arabera autobusean edo autoetan joango gara”. Zerrendak gaur [uztailak 14] zabalduko dituzte, eta izena emateko aukera barikura [uztailak 17] arte zabalik egongo dela jakitera eman dute.
EGITARAUA:
- 11:00. Topaketa Zubixan.
- 11:30. Herriko tabernen bilakaera eta gaur egungo egoera mahai ingurua Zubixako terrazan.
- 13:00. Hormairudiaren inaugurazioa Kaiko bidegurutzean.
- 13:15. Giza katea eta kantu poteoa.
- 15:00. Ogitarteko jana Zubixan.
- Bazkalostean. Andoni Oilokiegirekin kantaldia eta mikro irekia.