Neurri bereziekin jokatuko da Lekeition Bizkaiko Traineru Txapelketa
Eguaztenean [uztailak 15] ospatuko da arraun proba. 19:00etan hasiko da estropada emakumezkoen lehiagaz.

Bizkaiko Arraun Federakuntzak eta Isuntza Arraun elkarteak antolatuta, Bizkaiko Traineru Txapelketa ospatuko da eguaztenean [uztailak 15] 19:00etan, Lekeitioko uretan. 15 traineruk parte hartuko dute.
Estropadaren luzera 5.556 metrokoa izango da Senior Gizonezkoen kasuan, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte. Absolutu mailako neskei dagokionez, 2.778metroko luzera osatu beharko dute, eta traineruek bi luze eta ziaboga bat bete beharko dute. Ziabogetan balizak ababorretik hartu beharko dituzte.
Guztira lau txanda izango dira. Lehenengo txanda absolutu neskena izango da. Txanda bakarra egingo dute, eta Deustu, Isuntza, Lutxana eta Ondarroako traineruak arituko dira.
Senior Gizonezkoen lehenengo txandan Elantxobe, Getxo eta Portugalete ariko dira; bigarren txandan, Arkote, Deustu, Kaiku eta Ondarroa, eta hirugarren txandan, Bermeo, Isuntza, Itsasoko Ama eta Zierbena.
Lortutako emaitzaren arabera hurrengo sariak banatuko dira:
1.) Bandera eta urre koloreko domina.
2.) Zilar koloreko domina.
3.) Brontze koloreko domina.
Neurri bereziak. Bestalde, COVID-19a dela eta, neurri bereziak jarraitu beharko dituzte bai talde eta kirolariek zein ikusleek. Horrela, traineruak ezarritako ordutegian iritsiko dira Lekeitiora, 16: 00etatik aurrera.
Klub bakoitzak bere kokalekua izango du, eta antolakuntzak ematen dizkion jarraibideak eta eremua errespetatu beharko ditu.Uretara sartzeko ere ordena eta ordutegia ezarriko dira, arrapalan arraunlarien kontzentrazioak saihesteko. “Hain zuzen ere, emakumeentzako bainua erabiliko dute kirolari guztiek, gizonezkoen bainua hondartzako erabiltzaileentzat izango da. Maskara nahitaez erabili behar da”, azaldu dute oharretan.
Kontrolatutako eta mugatutako 2 sarbide egongo dira ikusleentzat: Ekaitz elkartearen sarrerarako eskailerak (komun publikoen ondoan) eta itsas hormarako sarrera. Bi gune horietan, Isuntza Arraun Elkarteko laguntzaileak egongo dira identifikazio petoekin; maskara daramaten eta tenperatura neurtzeko aukera ematen duten pertsonei bakarrik utziko diete pasatzen. Lekua mugatuta egongo da.
Ez da ohiko sari banaketa egingo. Traineru irabazleak uretan jasoko du bandera, eta dominak klubeko ordezkariari emango dizkiote.