'Ondarroako bonoak' kanpainaren balorazio positiboa egin dute udalak eta Zatoztek
Kanpainaren lehen faseari esker herriko saltokietan 57.150 euro mugitu direla azaldu du Ondarroako Udalak, "inoizko kopuru handiena".
Herritarren eros ahalmena areagotzeko eta herriko denda eta zerbitzuen berraktibaziorako Ondarroako bonoak kanpainaren balorazio positiboa egin dute udalak eta Zatoztek; pozik agertu dira bai herritarrek eta bai dendariek eman duten erantzunagaz. 2.000 bonu ipini ziren eskuragarri, eta %95a (1.905 bono) saldu dela azpimarratu dute. “Guztira 57.150 euro mugitu dira herriko saltokietan kanpaina honi esker, inoizko kopuru handiena, eta pozik egoteko moduan gaude. Herriko ekonomia mugimenduan ipintzeko nahiagaz gure helburua herritarrei eta baita denda eta zerbitzuei ere laguntzea izan da”, agertu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak.
Orain arteko kanpainetan 300 bonu kaleratu izan ditu Ondarroako Udalak, eta oraingoan 2.000 bonu martxan ipintzeak jauzi handia suposatu duela gaineratu du Basurkok. “2.000 bonu asko dira, eta kudeaketa ez da erraza; beti gertatzen da gorabeheraren bat. Bonuen %98 erabili dira, eta oso pozik gaude”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak, bere aldetik, udalaren izenean eskerrak eman nahi izan die kanpainan parte hartu duten herritar eta saltoki guztiei. “COVID-19ak eragindako larrialdi egoerari aurre egiteko diru sail berezi bat onartu genuen, eta horren barruan kokatzen da Ondarroako bonuak kanpainaren lehen fase hau. Erantzun ederra eduki du kanpainak, eta eskerrak eman behar diegu bai herritarrei eta baita atxikitu diren 45 dendariei ere”.
Udalak iragarri duenez, irailean, ikasturte hasieragaz batera ipiniko dute abian Ondarroako bonua kanpainaren bigarren fasea. “Ikasturte berriari hasiera emateko edo neguaren ateetan egon ohi diren gastuei aurre egiteko beste 2.000 bonu ipiniko ditu eskuragarri Ondarroako Udalak”. Kanpaina berriaren helburua familiei ikasturte hasieran edukitzen dituzten gastuei aurre egiten laguntzea dela nabarmendu dute, aldi berean, herriko ekonomia berraktibatuz. Hori bai, bonuak erabiltzeko epea beste hilabete bat luzatuko dutela aurreratu dute. Bi hilabetez erabili ahal izango dira bonuak: irailean eta urrian. “Kostu eta balio erreal beragaz jaulkiko dira bonu berriak ere”.