Maskararen erabilera derrigorra izango da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan
"Pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere" maskara derrigorrez eraman beharko da gauerditik aurrera.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan espazio publikoetan ere maskara soinean erabiltzea derrigorrezkoa izango dela iragarri du gaur [uztailak 15] egindako agerraldian Nekane Murga Osasun sailburuak. Agerraldian jakitera eman duenez, neurria gauerdian [uztailak 16] jarriko da indarrean.
Antzeko neurriak beste lurralde batzuetan ere ezarri dira egunotan. Esan dutenez, azken egunetan sortu diren foku berrien aurrean, Jaurlaritzak beste pauso bat eman behar izan du, eta maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da kutsatzeak gehitzea saihesteko. Murgak esan duenez, birusak “desagertu beharrean, zirkulatzen jarraitzen du”, eta horri azken egunotako “infekzioen bilakaera” gehituta, neurri berriak ezartzea erabaki dute. “Ezin diogu birusari berriz ere abantaila hartzeko aukerarik eman”, eta erantzukizun hori erakundeena eta herritarrena dela esan du.
Hala, “pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere” maskara derrigorrez eraman beharko da soinean, bai bide publikoan edo aire zabalean, bai erabilera publikoko edo jendeari zabalik dauden espazio itxietan, baldin eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartzerik badago. “Neurri horiek beharrezkoak dira orain. Eta bilakaerren arabera, ez da baztertzen beste batzuk aplikatzea“, azpimarratu du sailburuak.
Hondartzetan eta igerilekuetan ere erabili beharko da maskara. Joan-etorrietan erabili beharko da, eta soilik etzatean edo leku batean esertzean kendu ahal izango da, beti ere 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen bada edo batera dauden pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira. Bainatzerakoan ere kentzeko baimena egongo da. Maskara bakarrik tabernetan edo jatetxeetan kendu ahal izango da, “jateko edo edateko”.
Bilakaera epidemiologikoari eusteko neurri gehiago ere ezarri dituzte. Ostalaritzan, esaterako, neurriak gogortu dituzte. Mahai baten inguruan batu daiteken pertsona kopurua mugatu dute. Gehienez, hamar lagun elkartu ahal izango dira, eta agindua indarrean egon bitartean, ordutegi luzapenak etenda egongo dira, aurretik emandakoak ondoriorik gabe utziz. Neurriak ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, jatetxeetan, txokoetan eta elkarte gastronomikoetan du eragina, baita diskoteketan eta gaueko gainerako aisialdi establezimenduetan ere. Nabarmendu dutenez, araua betetzen ez duenari zigorra ezarriko diote.