Ondarroako emakume taldeak nagusitasun osoagaz irabazi du Bizkaiko traineru txapelketa
11:54:27 minutuko denborarekin nagusitu dira ondarrutarrak, eta bigarrenari (Lutxana) 22 segundo eta 10 ehunen atera dizkiote; Isuntza hirugarren sailkatu da. Gizonezkoetan laugarren sailkatu da talde ondarrutarra, eta Isuntza seigarren geratu da.
Emakumeen kategorian, txanda bakarrean erabaki da bandera. Eta hori, hain justu, ondarrutarrek irabazi dute. Ondarroa Arraun Elkarteko neskek 11:54:27 minutuko denboragaz nagusitu dira Lekeitioko uretan lehiatu den Bizkaiko Txapelketan. Ondarrutarrek nagusitasun osoz irabazi dute; bigarrenari 22 segundo eta 10 ehunen atera dizkiote. Atzean utzi dituzte beraz, Lutxana, Isuntza eta Deustu. Lutxanagaz bigarren posturako lehia polita eduki du etxeko taldeak, eta irabazlearengandik 25 segundo eta 15 ehunenera sailkatu da.
Estropada bikaina egin dute ondarrutarrek Lekeitioko uretan. Itsaso eskasa bazegoen ere, garaipen historikoa eskuratu, eta Bizkaiko traineru txapelketa bandera Ondarroara ekarri dute. Iaz uretaratutako traineruak estreinako irabazi du bandera preziatua, eta ez edonola ere. Lehen palakadetatik aurrean jarri dira ondarrutarrak, eta abantaila horri eustea lortu zuten helmugako buia igaro arte.
Ondarrutarrek, egia esan, ezusteko ederra ematen dute Lekeition, baina aurreko asteburuko emaitza ederra ikusita, esperotako emaitza zela azpimarratu dute Nagore Osoro eta June Aranbarri entrenatzaileek. “ETE ligako lehen estropadan uste baino hobeto aritu ginen, hirugarren amaitu genuen estropada. Ohikoa baino urduriago ekin genion Bizkaiko txapelketari, baina zapatuko emaitza ona eta gero, oso motibatuta geunden. Zapatuko emaitzak sekulako indarra eman zigun, eta ligan lortutako emaitza ona ez zela kasualitatez lortutakoa erakustera joan ginen Lekeitiora. Konfinamenduan oso ondo entrenatu dugu, eta orain emaitzak jasotzen ari gara”.
Itsasoa eskasa bazegoen ere ondo egokitu ziren, baina entrenatzaileek aitortu dutenez, ez da izan orain arte egin duten estropadarik onena. “Ez da gure estropadarik onena izan, pasa iazkoagaz alderatuta beste ziurtasun bategaz aritu gara. Horrelako itsasoagaz gustura geratzea oso zaila da, baina teknikoki ondo moldatu gara, eta hasieratik lortutako abantailari ondo eutsi ahal izan diogu. Lehen luze ona egin dugu, baina ziaboga ez da oso ona izan. Hori bai, hasieratik lortutako abantaila horri eusteko gai izan gara, eta horrek bueltan ganoraz etorri ahal izateko beste haize bat eman digu”.
Ondarrutarrek ondo dakite zer den atzeko postuetan ere egotea, eta galtzen badakitela nabarmendu dute. “Iaz atzoko postuetan ibili ginen, eta orain ere prest egon behar dugu horrelako postuak egiteko ere. Aurten, egia esan, maila oso berdindua dago liga, eta segundo gutxiren artean talde asko egongo gara”. Gaurko “une gozoagaz” gozatu, eta aurrera begirako helburuei heltzeko prest daudela esan dute. “Orain hurrengo estropadan pentsatzen hastea tokatzen da”.
Gizonezkoetan laugarrena izan da Ondarroako taldea eta seigarrena Lekeitiokoa. Eusko Label Ligaren liderra den Santurtzirentzat izan da bandera. Faboritoa zen, eta ez du hutsik egin. Lehen kolpeetatik lehia estua eduki du Zierbenagaz; azken luzean aurrea hartuta nagusitu da Sotera, 20 minutu, 11 segundo eta 49 ehuneneko denboragaz. Hiru segundo eta 11 ehunenera geratu da Zierbena, eta Urdaibai bost segundo eta 48 ehunenera sailkatu da. Ondarrutarrak izan dira azkarrenak bigarren txandan, eta irabazlearengandik 31 segundo eta 61 ehunenera geratu dira. Lekeitarrak, berriz, 56 segundo eta 38 ehunenera.
Hala, sailkapeneko goikaldean sartuta, Euskadiko Traineru Txapelketarako txartela eskuratu du Ondarroak, Santurtzi, Zierbena eta Urdaibaigaz batera. Azken urteotan modura, Euskadiko txapeldun izateko lehia ere Lekeition izango da, uztailaren 31n [barikua].
Mutriku bederatzigarren. Bestalde, Orion lehiatu dute Gipuzkoako txapelketa, eta emakumezkoetan etxeko taldea eta gizonezkoetan Hondarribia geratu dira txapeldun. Oriok, Donostiarrak eta Donostia Arraun Lagunak izan dira nesken podiumera igo direnak, mutiletan, berriz, Hondarribiaren atzetik, Donostiarra eta Orio sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gizonezkoetan Mutrikuko taldea bederatzigarren sailkatu da; 22 minutu, 35 segundo eta 42 ehunenean amaitu du estropada.
Jaia Ondarroan. Bandera irabazi bezain pronto, Ondarroako Udalak taldea zoriondu du, sare sozialen bidez: “Zorionak taldea osatzen duzuen guztioi Ondarroako Udalaren eta herriaren izenean”. Euskadiko txapelketan parte hartzeko zuzeneko txartela eta bandera irabazi orduko poza eta emozioa nagusitu da traineru barruan zihoazen arraunlarien artean, eta baita herrian bertan ere.
Ondarroara bueltan ere ez ahazteko moduko momentuak bizi izan dituzte arraunlariek. Herriari buelta eman diote furgoneta barruan, eta arraun elkartearen aurrera iritsi orduko ere, harro heltzen zieten lepotik zintzilik zeramaten urrezko dominei eta pozez gainezka astindu dute bandera preziatua.
Bestalde, domekan Getariako uretan jokatuko diren ETE eta KAE1 eta KAE2 ligetako estropaden harira, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, Getariako Udalak eskatu du ikuslerik ez joatea estropadak ikustera. Estropadan parte hartuko duten klubetako ordezkariei helarazi die Getariako alkateak oharra, herriz herri zaleei eskatu diezaieten hitzordu horietara ez joateko.