Ondarroko kiroldegiko zenbait gela berrizten hasi dira
Gihartza gelan eta bigarren soinketa gelan egingo dituzte birmoldaketak. Ikasturtea hasi orduko lanak amaituta izatea espero dute.
Ondarroako Udala Zaldupe udal kiroldegiko zenbait gela berrantolatzen eta egokitzen hasi da egunotan, eta udan ere abian egongo direla jakinarazi dute. “Ikasturte berriagaz batera lanak amaitzea aurreikusten dugu”. Udal iturriek azaldu dutenez, herritarren eskariei erantzuteko nahiagaz hasi dituzte lanak. “Kirolzaleen eskariak aldatuz doaz azken urteetan, eta horrek birmoldaketa prozesu batera eraman du kiroldegia”.
Zehaztu dutenez, gihartza gelan eta bigarren soinketa gelan egingo dituzte birmoldaketak. “Apurka-apurka bada ere kiroldegia eta bertako instalakuntzak herritarren eskarira moldatzen joatea da gure asmoa”, agertu du Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak. Gihartza gela, esaterako, lehen solairuko soinketa gela handira lekualdatu dute. “Parketa ipiniko da, jazz dantza eta bestelako ikastaro batzuk eman ahal izateko. Parketagaz batera ispiluak ere ipiniko dira”.
Udalaren asmoa datorren urtean gihartza gelako makineria berriztatzea dela ere aurreratu dute, gihartza gela “eraberritu” bat edukitzeko. “Une honetan egoera ekonomikoak eraginda ezin dugu baieztatu aurreikuspen hori betetzeko moduan gaudenik. Ahal bada egingo da, eta ezin bada atzeratu egin beharko da”.
Gihartza gela barruan zegoen kardio gunea, berriz, balleta egiteko erabiliko dute. “Hor ere parketa, ispiluak eta beharrezko baliabideak ipiniko dira”. Harrera bulegoaren gainean dagoen bigarren soinketa gelan ere aldaketak egingo dituzte. Tarima ipiniko dutela iragarri dute. “Tarima hobea da ariketak egiteko, eta horregatik aldatuko dugu. Gaur egun dagoen zoru bigunaren zatiak kiroldegiko beste espazio batzuetan erabiliko dira”. Lan horiez gain, aurtengo udan ere, urtero legez, ikasturtean kirol kantxako zoruan sortutako zuloak estaliko dituzte.