Tomas Urionabarrenetxea: "Gelditu ere egin barik bihurtzen da autoa itsasontzi"
Mutrikuko portura eraman zuenetik, Mexikon bizi den ziortza-bolibartarraren auto anfibioak ikusmina eragin du. Mota guztietako ibilgailuen zalea da Urionabarrenetxea.
Los Angelesen (California, AEB) dagoen fabrikan auto anfibio bat erosi zuen Tomas Urionabarrenetxeak. Euskal Herrian hondartzak eta portuak distantzia txikira daudenez, bere asmoa kostalde hauetan portutik portura eta hondartzaz hondartza ibiltzea da.
Noiztik daukazu auto anfibioa?
Ziortza-Bolibarrera etorri orduko erosi nuen; zortzi bat egun aurretik. Martxoaren 8an etorri nintzen, eta lehenengo egunetan joan nintzen Los Angelesera erostera. Lehenengo galdetu nuen hemen ze baimen beharko nituzkeen itsasontzi modura ibiltzeko, eta esan zidaten Europako Erkidegoaren adostasun-ziurtagiria behar dela. Ibilgailu anfibioa egiten dutenak geratu ziren ziurtagiri hori bidaltzeko, baina ez didate bidali, eta lortu nahian nabil.
Zelan ekarri duzu ibilgailua hona?
Fabrikakoek bidali dute. Portua itxita egon da, eta horregaitik heldu da orain dela hamar egun inguru.
Itsasoz eta lehorrez ibili daiteke. Zelan funtzionatzen du?
Auto baten eta itsasontzi baten ezaugarriak ditu. Uretan sartzen zara normal, eta uretan dagoenean botoi bategaz gurpilak altxatzen ditu gora; aurrekoak angeluagaz eta atzekoak zuzen, eta jada itsasontzia da. Ibilgailua itopuntuan ipini, palanka sartu, azeleratu eta aurrera doa. Motor bakarra dauka, eta atzeko turbinari indarra ematen dio. Bolantea bera da bolantea eta timoia. Gelditu barik bihurtzen da autoa itsasontzi, eta alderantziz. Itsasontzi modura datorrenean, portura edo hondartzara ailegatutakoan, gurpilak jaitsi (20 segundo behar ditu bakarrik jaisten), eta turbinagaz aurrera doa eta behea ikutzen dagoenean sartu lehen martxa eta auto modura doa aurrera. Ez da geratu behar ezertarako ere, martxan doala egiten du aldaketa. Karbono zuntzezkoa da osorik, eta mendian ibiltzeko ere prestatuta dago, suspentsioa dauka mendian ibili ahal izateko. Ez noa mendian ibiltzera, baina hareatzan ibiltzeko prestatuta dago. Lau lagunentzako lekua dauka, eta GPSa, musika irratia eta mugikorra kargatzeko sistema ere badauka.
Urik ez zaio sartzen barrura?
Barrua aparrez beteta dauka, eta gurpilak ere flotagailuak dira, beraz, ezin da urik barrura sartu. Gainera hondoraezina da. Olatu bat pasatzen bazaio gainetik eta irauli egiten bada, bere onera ematen du buelta berriro, pisua dauka eta.
Hasi zara aprobak egiten ere.
Mutrikun sartu genuen uretara, eta orduan zabaldu zen autoarena. Ordutik, egunero komunikabideetatik deitzen aritu dira elkarrizketak egiteko. Guztiei esaten diet Ziortza-Bolibarren edo Markina-Xemeinen nahiago dudala elkarrizketa egitea, herriaren izena irteteko komunikabideetan. Ni Ziortza-Bolibarren jaiotakoa naiz. Familia Mexikon daukat; hiru seme alaba ditut, eta bederatzi iloba. Asmoa da ni jaio naizen herrian etxe bat edukitzea hona etortzeko, eta horretan ari naiz. Urtean bi bider etortzeko asmoa daukat. Etxea dela eta, hilabete bi egitera etorri nintzen, eta COVID-19a dela eta, lau hilabete daramatzat bertan, harrapatuta gelditu nintzen. Orain ere arazoak daude. Joateko ez horrenbeste, bai, ordea, etortzeko, eta nire emaztea eta seme nagusia etortzeko zain nago, ea etorri ahal duten 15 egunerako. Berriztatzen ari garen etxea 1605 urtekoa da. Hau izan zen Bolibarko lehen udaletxea, eta horregatik Kontzejune du izena.
Horrelako ibilgailu asko ez dira egongo.
Fabrikatik bidalitakoak Europan, bat Holandan eta bestea Frantzian daude. AEBetan gutxi daude, gehienak Arabiar Emirerrietara saldu dituzte. Hau da Phanter motako egin duten azkenengoa. Orain 100 eskatu diete hammer moduko anfibioak hamazortzi lagunentzat.
Noiz joan zinen zu Mexikora?
15 urte nituenean. Lehenengo, aita AEBetara joan zen artzain, eta gero, Mexikora igaro zen, eta arrantxoetan hasi zen lanean. Ni Markina-Xemeingo Eskola Laboralean ibili nintzen 15 urtera arte. Lehenengo 7 urtetik 9ra Mexikon egon nintzen, eta gero, Laboralean. Gero aitak Mexikora eraman ninduen berari laguntzera. Hiru urtez egon nintzen aitagaz eta amagaz lanean, eta gero, nire kabuz hasi nintzen. Baina, beti, eurekin egon nintzen, laguntzen.
Asko etorri izan zara zure jaioterrira?
Lehen gutxiago etortzen nintzen. Mutikoak txikiak zirenean AEBetara eramaten nituen udako kanpamentuetara ingelesa ikasteko, eta ezin etorri. Baina badaramatzat urte batzuk urtero etortzen naizena. Iaz hiru bider etorri nintzen etxea zela eta, eta aurten, urte hasieran ere etorri nintzen emazteagaz, eta 20 egun egon ginen. Mexikon intxaur sailak ditugu, ekoizleak gara. Chihuahuan ateratzen dugun intxaurra oskol fin-fina duena da, kalitate onenekoa. Oskola mehea dauka, baina barruan zenbat eta hobeto zaindu olio gehiago dauka, eta mamia bete betea. Gero, AEBetara esportatzen dugu, eta AEBetatik bidaltzen dute Europara. Jimenez gu bizi garen lekuan jendeak oso ondo lantzen du intxaurra, eta organikoan ere sartuta gaude. Lau gaude kalitate onena eta organikoa lantzen. Ur beroko bainuetxe bat ere badaukagu, bainuetxea, baina, itxi egin dugu emaztea ere lasaiago ibiltzeko. Horrela, urtean birritan gutxienez Ziortza-Bolibarrera etorri ahalko gara. Bertan lasai egon nahi dugu, eta familia ere ekarri. Hori da asmoa, eta asmo horri lotuta ekarri dut ibilgailua, bertoko portuetan ibili ahal izateko.
Horrelako beste ibilgailu edo tramankulurik badaukazu?
Gu han mendietan ibiltzen gara, eta mendian ibiltzeko ibilgailuak ditugu. Lasterketak egiteko autoak gustatzen zaizkit, mendian ibili daitezkeenak. Lasterketetan ere ibili izan naiz Hego Kalifornia Beherean. Bi bider joan naiz mila milia egitera, 1.600 kilometro geratu ere egin barik gau eta egun ibilita nago. Patagonian ere ibilita gaude. Orain urte bi eta erdi nire seme gazteagaz eta beste lagun bigaz Patagonia zeharkatu genuen motorrean.
Ibilgailuzalea zara, beraz.
Motorrean ibiltzea ere asko gustatzen zait, eta motorra ere ekarri nuen hona. Nazioarteko motoziklista konfederatua ere banaiz Mexiko, AEB eta Canadan. Istripuren bat badago edo eguraldiak eragindako gertakariren bat, errekonozimendua daukagu errepideko poliziari laguntzeko. Xafla bat daukagu horren adierazgarri. Errepidean asko ibili naiz, eta airez ere bai. Hegazkin txiki bat eduki genuen, pilotuagaz ibiltzen nintzen, baina nik eramaten nuen hagazkina, eta helikoptero bi ere eduki ditugu. Ez dira bidaiatzeko, horrek arrantxoan polena botatzeko eta inbertsio termikoa egiteko erabili ditut. Arbolen ernaberritzean izotzak kalterik ez egiteko haizea eraisten da helikopteroagaz. Itsasoan ere ibilita nago; yate txiki bat daukagu, baina itsasoa hurrun daukagu, eta geldirik daukagu.