Herritarrek herritarrei laguntzea helburu duen proiektua aurkeztu du Ondarroako Udalak: Alkarreaz
Herritarrek herritarrekin denbora pasa, berba egin, konpainia egin, lagundu edo bakarrik daudenei laguntza eskaintzeko helburuagaz sortu da proiektua. Proiektuaren muina koronabirusaren osasun krisia tarteko herrian sortutako boluntario sarea izan da.
Koronabirusa dela-eta herrian sortutako boluntarioen zaintza sareak edukitako erantzun ona ikusirik, eta beharrizanak eduki dituzten herritarrek hor jarraitzen dutela kontuan hartutik, herritarrekin batera beste urrats bat emateko egitasmoa abian ipini du Ondarroako Udaleko Ongizate batzordeak: Alkarreaz. Gaineratu dutenez, proiektuaren muina koronabirusaren osasun krisian sortutako boluntario sarea izan da. “Erantzun ederra eduki dugu, eta orain bide horri jarraipena eman nahi diogu. Ondarroa herri solidarioa eta abegikorra dela erakutsiko dugu”.
Herritarrek herritarrekin denbora pasa, berba egin, konpainia egin, lagundu edo bakarrik daudenei laguntza eskaintzeko helburuagaz sortu da proiektua. “Elkartasunean oinarritutako proiektu bat da, herritarrek herritarrei laguntzeko”. Belaunaldi arteko hariak sendotuz, herritarrek beharrizana duen beste edozein herritarri laguntzeko elkartasun proiektua dela nabarmendu dute udal agintariek eta batzordeko kideek gaur [uztailak 17] egindako aurkezpenean. Azpimarratu dutenez, bizitzak dira garrantzitsuena. “Beharbada pandemia honek ideia horretan gehiago sakontzera eraman gaitu. Uste dugu proiektu oso aberasgarria izango dela, kasu askotan, baita hezitzailea ere, eta bizitzak erdigunean ipinita beste ikuspuntu berri batzuk lortzeko bidea emango diela herritar askori”.
Proiektuari izen hori jartzearen arrazoia “batzeak eduki dezakeen indarra” dela nabarmendu dute. “Hau da, pertsona batek besteari eskaini diezaiokeena; gero bientzat aberasgarria izango da. Gaur zugatik eta bihar nigatik, elkartasunetik. Aurrekoari esku bat luzatzea da xedea, alboan gaudela esatea, laguntza eskaintzea. Konturatu behar gara edozein unetan norbera izan daitekeela beste aldean egon daitekeen hori”.
Proiektuaren aurkezpena herriko boluntarioei eskerrak emateko aprobetxatu dute: “Boluntario sare ederra sortu da herrian. Oso eskertuta gaude”
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak ohartarazi duenez, laguntza beharra duten profil oso ezberdinak egon daitezke herrian: astean behin arratsalde batez bakarrik geratzen den adineko pertsona bat, tramite bat egiteko laguntza behar duen herritar bat, Antiguako Ama elkarteko kideekin solasaldiak eduki nahi dituena… “Ez dugu nahi laguntza beharra pertsona nagusiekin bakarrik lotzea. Hamarnaka kasu desberdin daude edozein motatako laguntza behar izan dezaketenak. Elkartasunez beteko ditugu beharrizan horiek. Laguntza behar dezakeen edozeini laguntzeko elkartasun sare bat osatzea da gure asmoa”.
Laguntza behar duen edozeinen eskura 608 22 97 95 telefonoa erabilgarri dagoela gogorarazi dute. “Gure asmoa proiektua abian jartzea da, eta orain beharrizan batzuk detektatuta dauzkagun arren, boluntarioen eta beharrizana duten pertsonen aldetik etorriko dira erronka berriak: zertan lagundu dezakeen bakoitzak, hutsuneak non dauden ikusi…”.
Gaurko aurkezpena, gainera, herriko boluntarioei eskerrak emateko aprobetxatu dute. Udal agintariek eta ongizate batzordeko kideek jakinarazi dutenez, boluntario “sare ederra” sortu da herrian. “Oso eskertuta gaude. Sustrai horretatik ernaldutako proiektua da Alkarreaz. Proiektu berri honetarako taldea osatu bitartean, boluntarioen zaintza sareak herritarren beharrizanak asebetetzen jarraituko du. Ez dakigu zer etorriko den, eta prest gaude saretik laguntza ematen jarraitzeko”.
Proiektuaren bigarren urratsari jarraipena emateko asmoagaz, irailean batzar ireki bat egingo dutela aurreratu dute. “Eguna eta ordua aurrerago zehaztuko dira”.