Birusak «oso presente» jarraitzen duela adierazi du Murga sailburuak
Azken astean 6.443 PCR proba baino gehiago egin dira foku desberdinak arakatzeko egin diren biztanleria-baheketen barruan. 150 emaitza positibo egon dira.
Gaur [uztailak 20] arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Covid-19ren jarraipen-batzordearen bilera ospatu da Lehendakaritzan, egoera epidemiologikoa aztertzeko. Bilera amaitzean egoera epidemiologikoaren berri eman du Nekane Murga Osasun sailburuak, eta birusak “oso presente” jarraitzen duela adierazi du: “Egiaztatu dugu birusa ez dela desagertu, eta oso presente jarraitzen duela gure artean. Hori horrela, datozen egunetan hurbiletik jarraituko dugu egoera epidemiologikoari dagokion bilakaera”.
Osasun sailburuak zaintza-sarearen lana ere nabarmendu du, eta azken astean 6.443 PCR proba baino gehiago egin direla azaldu du, foku desberdinak arakatzeko: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osasun-larrialditik atera zirenean, etapa berri bati ekin genion, eta, dakizuenez, zaintza eta kasuen bilaketa aktiboa dira etapa berri horren funtsezko zutabeak”. Zehaztu duenez, 150 positibo identifikatu dira. Batez ere kurtso bukaerako ospakizunak aztertu dituztela jakinarazi du, horietan egon baitira azken kutsatzeetako asko.
Gainera, Murga sailburuak gogorarazi du maskara jendearekin elkartu gaitezkeen edozein espaziotan erabiltzeko betebeharra dagoela, eta, era berean, maskara behar bezala erabiltzeko deia egin du: “sudur-trenkadatik kokotseraino estali behar du”.